Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitara eman du gaur Gaztemundu trebakuntza programaren 2015eko deialdia. Programa hau Diasporako eta euskal etxeetako gazteei zuzendua da eta bihartik aurrera bertan parte hartu nahi dutenek hilabeteko epea izango dute eskabideak bidaltzeko. Aurten programa irailaren 25etik urriaren 9a bitartean egingo da, eta 15 gaztek parte hartuko dute.
Vitoria-Gasteiz. EuskalKultura.com iragan astean iragarri bezala, gaur goizean argitaratu da Gaztemundu 2015 trebakuntza programaren deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Ebazpenaren testuak dioenez, eskabideak bidaltzeko epea bihar irekiko da eta hilabeteko epea egongo da eskabide horiek aurkezteko.
Programa hau euskal etxeetako 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendua da eta aurten 15 lagunek parte hartu ahalko dute. Aurtengo Gaztemunduren gaia "kultura–erakundeen kudeaketa izango da; hain zuzen ere, bazkideek euskal etxeen organo erabakitzaileetan duten partaidetza–mailarekin zerikusia duena".
Eskatzaileek, beste zenbait bete beharren artean, trebakuntza gaiari buruzko lan bat egin beharko dute: "partaide bakoitzaren euskal etxeak, kudeaketaren ikuspegitik, zer erronka duen etorkizunari begira; AMIA azterketa–matrizea sartu beharko da (ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak), hobetzeko proposamenekin, hala balitz".
Deialdiaren xehetasunak eta informazio osoa, hemen.