euskal diaspora eta kultura
2012/07/27
PUBLIZITATEA
Boise, AEB. San Inazio jaiak gaur bertan hasiko dira Boisen, Euzkaldunak Euskal Etxeak antolatu duen "Friends and Family Night", edo familia eta lagunentzako gaualdiarekin. Gaualdiak protagonista txiki baina garrantzitsuak izango ditu: Aurtengo Udalekuan parte hartu duten 103 neska-mutilak. Gaztetxoek ikuskizuna prestatu dute, bi asteko kanpalekuan ikasi dutena erakusteko: txistua, dantza, euskera, kultura eta pala alorretan, esaterako.
Bihar dantza erakustaldiak eta kale kontzertuak eskainiko dituzte hiriko hainbat euskal taldek: Boiseko Gazteak-ek (3-14 urteko dantzariak), Txantxangorriak-ek (euskal musika taldea) eta Oinkari Basque Dancers-ek, azken hau Boiseko dantza talde nagusia dena (1960an sortu zen eta bizi-bizi darrai). Horrez gain, asteburuan zehar pilota partidak jokatuko dira Basque Block-eko frontoian.
Arratsaldean San Inazio meza egingo da St. John Katedralean eta urtero legez boisetar eta bisitari asko bilduko dira bertara, Oñati Dantza Taldeak eliza barru eta kanpoan egingo duen dantza erakustaldiaz gozatzera meza aurretik, bitartean eta ondotik. Gauean dantzaldia egingo da Basque Block-en, jaia goizaldera arte luzatuz, baina ez sobera bertako legeak zorrotzak baitira horretan. Azkenik, igandea egun lasaia izango da eta piknika eta jolasak egingo dira hiriko udal parkean. Informazio gehiago Boiseko Euzkaldunak Euskal Etxearen webgunean, hemen.
Mexikon, DF-ko Euskal Etxea elkarteak bihar bertan bilduko ditu bazkideak eta lagunak, bere egoitza barneko kantxan egingo den bazkariaren aitzakian. Madrilen, Euskal Etxeak ere bazkaria egingo du bihar, kasu honetan euskal etxearen egoitzaren bigarren solairuan dagoen Sagardi jatetxean.
Miami, Sydney, Santiago, Buenos Aires, Asuncion...
AEBetara itzuliz, baina oraingoan Floridara, Miamiko Euskal Etxeak etzi, uztailaren 29an, ospatuko du jaia. Elkarteak azaldu duenez, Pierre Ectheberry kantaria eta etxeko Tomaxito Urbistondo bertsolaria izango dituzte lagun. Miamiko hitzordu hau izango da orain arteko lokalean egingo den azken ekitaldia, euskal etxeak biltzen segituko duela baina egoitza finkorik gabe erabaki baitu, bertako bazter-mugitzaile den Boni Guenetxeak azaldu digunez.
Txilen, Santiagoko Euzko Etxea elkarteak iganderako deitu du jaia, elkartearen egoitzan egingo diren jarduerekin. Festa goizeko hamaiketan hasiko da eta ondoren bazkaria egingo dute bazkideek. Menua honakoa izango da: Txistorra eta barrengorri nahaskia, Azpizuna bizkaitar saldarekin eta mojito sorbetea. Australian, berriz, Gure Txoko elkarteak bazkaria egingo du igandean, iaz bezala Encasa jatetxean, eguerdiko 14:00tatik aurrera.
Paraguaien Asunciongo 'Euskal Etxea Jasone' elkarteak ekitaldi berezia antolatu du datorren uztailaren 31rako, San Inazio egunerako, hain zuzen ere: Kosme Zubizarretak 'San Ignacio de Loyola, un vasco universal' hitzaldia izango eskainiko du. Ekitaldia San Frantzisko Parrokian (Herrera, 363) egingo da, arratseko 19:30tan. Baina aipatu ditugun hauekin batera beste hamaika ekitaldi eta deialdi egingo dira munduan zehar, Ameriketan bereziki, santu loiolatarraren eguna kari. Horietako batzuk aipatuak ditugu jadanik aparteko artikulutan edota xehetasunak Diasporaren agenda sailean topa ditzakezu.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus