Euskal kulturak erakuslehio aparta izango du gaurtik aurrera Erroman, Associazione Culturale Euskarak (ACE) eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak antolatu duten egitarau zabalari esker. Abenduaren 12a arte, zinea, Sarrionandiaren literatura italieraz, pintxoak, musika eta gehiago!
Erroma, Italia. Abendua euskal kulturaz jantzita dator Erromara, urtero legez, ACEk eta UPTER unibertsitateak antolatu ohi duten egitarau zabalari esker. Aurreko urteetan Euskal Astea edo Settimana Basca zena, aurten luzatu egin da, eta Euskal Abendua bihurtu.
Gaur bertan hasiko dira Dicembre Basco delakoaren jarduerak, Universitá Roma 3n egingo del Euskal Kultura eta Literatura Topaketarekin. Eguerdiko 12:00tan hasiko da, eta bi ektialdi nagusi egingo dira; batetik, Joseba Sarrionandiaren "Lagun izoztua" liburuaren italierazko itzulpenaren aurkezpena (Libe Edizionik argitaratu du, "L’amico congelato" izenburupean), eta, bestetik, Euskara-Italiera hiztegiaren proiektuaren aurkezpena. Hizlari ariko dira José Francisco Zinkunegi (H.A.B.E.); Roberta Gozzi, itzultzailea, eta Marcello Liberato, proiektu informatikoaren koordinatzailea.
Ostiralean, abenduaren 5eran, gastronomia gaualdia egingo da, pintxo eta sagardo dastaketarekin, Forte Prenestino gunean,19:00tatik aurrera. Asteburuan atsedenaldia egingo du Euskal Abenduak eta asteartean, abenduaren 9an, hizkimizki.com proiektu berria aurkeztuko du Maider Elkoro egitasmoaren koordinatzaileak, Universitá Roma 3-en.
Biharamunean, abenduaren 10ean, euskal zine erakustaldia egingo da Cineclub Detour zineman. Aurrena, Xabier Iriondoren "Homing" izango da ikusgai, eta ondoren, Oskar Alegriaren "Emak Bakia baita".
Euskal Abenduari amaiera emateko, abenduaren 12an Magmadan taldeak kontertua emango du Hulahoop Club delakoan (Via de Magistris, 91/93). Itziar Markiegik eta Myriam Petralandak osatzen dute biko hau, eta noise eta folk eragina duen musika egiten dute.