Chicago, AEB. Gaur hasiko dira Chicagoko Unibertsitateko Koldo Mitxelena katedraren klaseak, Rob Stone eta Pilar Rodriguez irakasleek gidatuta. Ikastaroak euskal zinemagintzaren lan eta gai nagusiak izango ditu hizpide, hastapenetatik gaur egunera arte. Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman duenez, lau alor nagusi landuko dira: "euskal nazioaren sorkuntza pantailan, terrorismoaren errepresentazioa, euskal zinemagileen bigarren belaunaldia eta film garaikideak (Kimuak programako film laburrak nahiz Euskal Herrian zein diasporan sortutako lanak)".
Hauxe da "Euskal Zinema: historia politiko eta kultural bat" ikastaroaren egitaraua:
-Maiatzak 6 (Rob Stone) Euskal zinemagintza uletzeko bideak: herritartasuna eta sentimendua
-Maiatzak 8 (Rob Stone) Ama Lur, transizioa eta 80 hamarkadako lehen olatua.
-Maiatzak 13 (Rob Stone) Euskal ondarea zinean
-Maiatzak 15 (Rob Stone) Bigarren olatua: Julio Medem
-Maiatzak 20 (Rob Stone) Terrorismoaren irudikapena
-Maiatzak 22 (Pilar Rodríguez) Terrorismoaren irudikapena (jarraipena)
-Maiatzak 27 (Pilar Rodríguez) Film laburrak: Kimuak
-Maiatzak 29 (Pilar Rodríguez) Hirugarren Olatua: zinema garaikidea Euskal Herrian
-Ekainak 3 (Pilar Rodríguez) Zinema garaikidea euskal diasporan
-Ekainak 5 (Pilar Rodríguez) Ondorioak
Etxepare Euskal Institutuak 2012. urtean sortu zuen Koldo Mitxelena Katedra Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities atalean txertatua dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat hartzen du, euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi eta hitzaldiak eman ditzan. Etxeparek bost katedra ditu mundu osoko unibertsitate ezberdinetan.