euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur abiatuko da Bartzelonako Zinemaldia 2014; 11 film lehian Txapela d'Or sariarengatik

2014/02/13

Zinemaldia 2014 jaialdiaren afitxa
Zinemaldia 2014 jaialdiaren afitxa

PUBLIZITATEA

"Gernika bajo las bombas" luzemetraiak abiatuko du gaur gauean Bartzelonako Zinemaldia 2014. Euskal Etxeak antolatzen duen jaialdia hazi egin da bederatzigarren edizio honetan eta pantaila handian ikusi ahalko dira filmak. Horrez gain, Zinemaldiak Sail Ofiziala estreinatuko du eta hamaika lan lehiatuko dira Txapela d'Or sariagatik. Epaiamahaia Kataluniako zine munduko pertsona ezagunek osatuko dute: Joel Joan, Aina Clotet, Marc Recha eta Jordi Ambròs. Eta hori guztia, prezio herrikoiarekin gainera: sarrerak 4,5 eurotan.

Bartzelona, Katalunia. Gaur gauean abiatuko da Zinemaldia 2014, "Gernika bajo la bombas" filmaren emanaldiarekin, Bartzelonako Girona zine aretoetan. Jaialdiak zinearen aldeko apustu sendoa egin du aurten: lan guztiak pantaila handian izango dira ikusgai, eta lehiaketa ofiziala ere egingo da: hamaika film ariko dira lehian Txapela d'Or sariagatik. 

Apustuak, gainera, ikusleen babesa izan du eta Euskal Etxeak finantziazioa eskuratzeko abiatu zuen kanpainak erantzun bikaina izan du. Zinemaldia hasteko bezperan, pozik agertu dute antolatzaileek ahaleginaren emaitza: ehun bat dohaintzari esker, Zinemaldiak behar zuen finantzazioaren %103a eskuratu du. Zorionak!

Hamaika estreinaldi

Zinemaldian hamaika filmek hartuko dute parte, eta denak estrainekoz izango dira ikusgai Katalunian. Lan hauen aurkezpenek, gainera, zuzendari, aktore eta ekoizleen babesa izango dute eta emanaldi bakoitzean filman lana egin duen norbait izango da.

Esan bezala, Zinemaldia gaur abiatuko da Gernikako bonbardaketari buruzko luzemetrai batekin: "Gernika bajo las bombas". Bihar, dokumentalak izango dira protagonista: "Sormenaren bide ezkutuak" lanean Eneko Atxa sukaldari bizkaitarraren artean murgilduko da ikuslea, eta "A la Bizkaina"k aldiz, euskal sukaldaritzako saltsa mitiko horren nondik norakoak azalduko ditu. Gaua biribiltzeko, Kimuak programako laburmetraiak ere izango dira ikusgai.

Larunbatean Ernesto del Rio zuzendariaren "Umezurtzak" filma estrenatuko da eta igandean "El precio de la libertad" izango da ikusgai, Quim Gutierrez aktorearekin. Astelehenean, otsailaren 17an, "Izenik Gabe 200x133" dokumentalak Juan Luis Zumeta margolariaren sormen lana erakutsiko digu, eta asteartean Luis Berdejo zuzendariaren "Violet" luzemetraia estreinatuko da.

Asteazkenak, otsailaren 19an, "El método Arrieta" dokumentalak elkarrekin komunikatzeko metodo berri bat sortu duten bi ahizpa donostiarren istorio harrigarria ekarriko du, eta ostegunean, aldiz, "Euskara jendea" dokumentala izango da ikusgai. Ostiralean San Ferminetako entzierroan lasterka ari direla sentituko dute ikusleek "Encierro en 3D" dokumentaleko irudi ikusgarriekin eta, amaitzeko, larunbatean, Aitor eta Amaia Merino neba-arreben "Asier ETA biok" dokumentala aurkeztuko da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia