Buenos Aires, Argentina. 1895eko apirilaren 1ean, Buenos Airesen, Ipar Euskal Herritik zetozen euskaldunak babestuko zituen erakunde bat jaio zen. Urte haietan Centre Basque Francais eta Centro Vasco Francés izenak erabili zituen, eta gaur egun Iparraldeko Euskal Etxea ere erabiltzen du. Hasierako urteetan, zenbait tokitan elkartu behar izan zuten, lekuak alokatuta, harik eta 1899an, enkante batean, lokal bat erosi zuten arte Moreno kalean, Santiago del Estero eta San Jose artean, hiriburuko Monserrat auzoan. Bi urte beranduago, 1901eko urtarrilean, egundaino euren kirol eta gizarte egoitza izaten segitzen duen helbidea estreinatu zuten. Gaur, apirilaren 1a, Iparraldeko Euskal Etxeak 130 urte betetzen ditu eta, ospatzeko, hainbat ekitaldi eta omenaldi antolatu dituzte 2025ean zehar.
Apirilaren 15ean topa egingo dute lagunez eta elkarte adiskideez inguratuta, Juan Labat omenduz; maiatzaren 14an, Guillermo Arrossagaray gogoratuko dute, EEaren zaindaria den Mixel Garikoiz egunean...
Lehenengo topa-egitea apirilaren 15ean egingo da, asteartea. Pilota txapelketa jokatuko da euskal kirol honen bertsio argentinarreko jokalari nabarmenak diren Eduardo Ross, Carlos Huete, Fernando Elortondo eta Horacio Moreno partaide. Amaitzean, Juan Labat omenduko dute, haurra izanik, EEko trinketean pilotari gisa hasi eta hazi zen Euskal Etxeko pilotari enblematikoa. Erakundeko areto nagusian egingo den ekitaldira, Argentinako eta askotan munduko txapeldun izan zenaren semeak bertaratu eta elkartearen historia, oraina eta etorkizunaren alde topa egingo da, urteurreneko pastela partekatuz. Gonbidapena luzatu zaie besteak beste Buenos Airesko Nafar Etxeari, Euskal Echea Ikastetxeari, Euskaltzaleak, Eusketxe, Gure Echea, Lagun Onak eta Laurak Bat euskal erakundeetako ordezkariei, urtebetetzearen bozkarioa partekatzearren.
Sorgin Besta berriz antolatuko
Duela 77 urte, Iparraldeko Euskal Etxeak San Mixel Garikoitz, Jesusen Bihotzeko ordenaren sortzailea, izendatu zuen elkarteko zaindari. Horren harira, maiatzaren 14an, haren heriotza egunean, zeremonia bat egingo da Kultura Aretoan dagoen santuaren irudia bedeinkatzeko, eta urteurreneko bigarren topa-egitea. Ekainean Guillermo Arrossagaray, Kultura Azpibatzordeko lehen lehendakaria eta euskaltzale sutsua izan zena izango da omendua. Gainera, hilabete horren amaieran, Sorginen Jaiari ekingo zaio berriro. Bigarren seihilekoan ekitaldi gehiago burutuko dira, besteak beste, ohiko Nazioarteko Ipuin Lehiaketaren edizio berezi bat, musika klasiko eta herrikoiaren piano kontzertu bat, Buenos Aires Hiriko Gobernuarekin elkarlanean antolatutako euskal etxearen instalazioen bisita gidatu bat, hitzaldiak, arte erakustaldiak eta baita zenbait sorpresa ere. Horien berri joango gara ematen buletin honetako Agenda atalean.
Zorionak Iparraldeko Euskal Etxea! Fier aitzina!