euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Gau gogoangarria' Euskadiko Ikasleen Orkestrak Bruselan eskainia, aita Donostia, Mozart, Gurido eta Ginastera joz

2008/04/24

Euskadiko Ikasleen Orkestrak 'gau gogoangarria' eskaini zuen Bruselako kontzertuan
Euskadiko Ikasleen Orkestrak 'gau gogoangarria' eskaini zuen Bruselako kontzertuan

PUBLIZITATEA

Euskadiko Ikasleen Orkestrako kide diren 14-18 urte bitarteko gazteek 'gau gogoangarria' eskaini zuten Bruselako Saint Michel Antzokian joan den ostiralean eman zuten kontzertuan, musika, gaztetasuna, talentua, sormena, kultura eta hezkuntza bateratuz. Europar hiriburuan finkatutako euskal komunitateaz gain, Batasun Europarraren aurreko diplomatikoak eta europar herrialdeetako eta belgikar gobernuko ordezkariak izan ziren emanaldian eta Aita Donostia, Mozart, Guridi eta Ginasteraren obrak entzun ahal izan zituzten.
Bruselako Euskadiko Ordezkaritzak 'erabateko arrakasta'tzat jo du Euskadiko Ikasleen Orkestrak iragan ostiralean Kulturen Arteko Elkarrizketaren Urte Europarraren karietara Belgikako hiriburuan eskainitako emanaldia. Kontzertura hurbildutako entzule ugariek musikari gazteen talentuaz gozatu ahal izan zuten. Aldi berean, Bilbo, Donostia eta Gasteizko kontserbatorioetako 90 ikasleek europar erakundeen funtzionamendua ezagutzeko aukera eduki zuten Belgikako hiriburura egindako bisitan.

Kontzertua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntzako sailak, Bruselako Euskadiko Ordezkaritzak eta Gasteizko Kontserbatorioak antolatua zen, 'hezkuntzaren bidez kultura aniztasuna eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzeko helburuarekin'. Ekitaldian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntzako sailburu Tontxu Campos eta Bruselako Euskadiko ordezkari Ibon Mendibelzua egon ziren.

Euskarazko logotipoa

Europar Batzordearen sostenguz prestatutako kontzertua zen Euskadiko Ikasleen Orkestrak ostiralean eskainitakoa eta halakoxea izango da baita ere maiatzaren 21ean Musikenek --Euskadiko Musika Eskola Gorena-- belgikar hiriburuko Flagey Kultur Etxean eskainiko duen emanaldia ere. Erakunde berak Kulturen Arteko Elkarrizketaren Urte Europarraren euskaratzea ere babestu du. 'Batasun Europarreko esloganen euskarazko bertsioa edukitzea ekintza arrunta da, iragan urtean Erromako Itunaren 50. urteurrena ospatzerakoan egin zen bezalaxe', baieztatzen du Bruselako Euskadiko Ordezkaritzak bere oharrean.

Europar erakundeak, Kulturen Arteko Elkarrizketaren Urte Europarra ela-eta, ekintza ugari ari dira antolatzen kulturen arteko elkarrizketak bizitza arruntean daukan garrantziaz ohartarazteko. Are gehiago, kulturen arteko elkarrizketaren sustapenerako praktika hoberenak identifikatzen, konpartitzen eta ezagutarazten saiatzen ari dira. Europar erakundeek hezkuntzaren balioa azpimarratu eta bultzatu nahi dute, dibertsitatea ezagutzeko eta kulturen arteko formakuntza eskuratzeko.


Lotura interesgarriak

Araba Abesbatzak 3 kontzertu eskainiko ditu Argentinan
2008ko martxoaren 14an EuskalKultura.com-en argitara emana

Zarautz Abesbatzak bi kontzertu emango ditu Buenos Airesen
2008ko martxoaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

Landarbaso korala AEBtara joango da hil bukaeran
2007ko ekainaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

Anaiki koral paristarrak 20 urte bete ditu
2007ko abenduaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara eman

Aretxabaletako Akordeoi Orkestra, Argentinan bira antolatu nahirik
2008ko urtarrilaren 14an EuskalKultura.com-en argitara emana

Akordeoi Orkestrak Mexikoko bigarren birari ekingo dio
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 30ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia