Bartzelonako Euskal Herria Sona musika jaialdiak 18 urte bete ditu eta aurten ezustekoz beteriko edizioa prestatu du Euskal Etxeak urtemuga hau ospatzeko. Aurreneko ezustekoa ostegun honetan bertan izango da, azken unera arte sekretua izan den kontzertu batekin: Gatibu talde gernikarrak doako emanaldia egingo du kalean, jaialdiari hasiera emateko. Eta datozen egunetan, askoz gehiaho: Oskorri, Korrontzi, Jabier Muguruza, Anari...
Bartzelona, Katalunia. Sorpresa ederrarekin dator aurten Euskal Herria Sona! jaialdiaren irekiera: azken unean jakitera eman denez, Gatibu taldeak kontzertu akustiko bat emango du, doan, Borneko Placeta Montcada kalean. Emanaldia eguerdiko 13:00tan. Gatibu Bartzelonan da hiriko areto batean jotzeko, eta hori baino lehen euskal etxeko lagunentzat kontzertu berezi hau eskainiko dute.
Ezusteko honekin hasiko da bihar 18. Euskal Herria Sona!, baina beste egunetako kartela ere ezta makala. Duela 18 urte hasi ziren Bartzelonako Euskal Etxeko kideak euskal musika jaialdi hau antolatzen eta esan beharra dago erantzuna bikaina izan dela: ekitaldiak berehala indarra hartu zuen eta harrezkero udazkenero Euskal Herritik kanpo egiten den euskal musika jaialdi nagusia bilakatu da.
Berritasunak
Aurtengo jaialdian hiru berritasun egongo dira. Alde batetik, urteurren kontzertu bat egingo da eta, lehen aldiz, talde katalan batek parte hartuko du. Etorkizunerako bidea izango da hori, izan ere, asmoa da hurrengo urteetan jaialdiak bi kulturetako taldeak uztartuko dituzten kontzertuak egitea baita, bi eszena musikalen indarrak batuz. Hitzordua, datorren azaroaren 7an, Salamandra aretoan, Glaukoma, At Versaris eta Vendetta taldeekin.
Bestetik, jaialdiak Bartzelonako mugak zeharkatuko ditu eta aurten La Bisbal de l’Empordàko L’Alternativa aretora iritsiko da, jaialdiko hainbat taldek han eskainiko dutelarik bigarren kontzertu bat.
Azkenik, aurtengoan AlterEHSona sortu da. Ekimen honek musika kontzertu aretoetatik haratago darama. Hitzaldi bat eta hirian zehar egingo diren bi ibilbide izango dira kontzertuez haratago doazen ekitaldiak.
Estilo ugari
Musikari dagokionez, aurten ere estilo eta talde desberdinak bilduko dira jaialdian. Hasteko, Oskorri talde mitikoak Euskal Herritik kanpo eskainiko duen agur kontzertu bakarra emango du. Edota Jabier Muguruzaren diska berriaren aurkezpen intimoa Euskal Etxean, Razzmatazz (Governors+Larregi) edota Apolo (Anari) moduko areto garrantzitsuetan eskainiko diren kontzertuekin batera.
Gainera, EHSonak mikromezenazgo express bat jarri du martxan (normalean iraun ohi dutenaren egun erdia), TotSuma plataformarekin. Helburua lortutako diruaren laguntzarekin prezio herrikoiak mantentzea da, estilo eta adin guztiak ziurtatzea eta Kataluniako musikarekin loturak indartzea.
Euskal Herria Sona jaialdiaren egitaraua, hemen.