Montevideo, Uruguai. Munduan zehar sakabanatuta dauden euskal musikaren zaleak ospatzeko arrazoi bat baino gehiago izaten ari dira azken hilabeteotan. Izan ere, bira dezente gauzatzen ari dira musika taldeak Euskal Herritik mundura, Europako eta Amerikako publikoari begira bereziki. Gaurko berria Gernikatik datorkigu eta Gatibu rock eta pop talde du protagonista. Bizkaitarrak Hego Amerikara bidaiatuko dira lehen aldiz, orotara bost kontzertu eskainiz Uruguai, Argentina eta Txilen.
Taldeak berak sare sozialetan zabaldu duenez, Rio de la Platan emango duten lehenengo kontzertua apirilaren 29an, igandea, izango da, Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxean. Ondoren, Argentinan jarraituko dute bira, honako egitarauarekin:
- Maiatzaren 2an, osteguna, Buenos Airesko Bula Kultur Gunean
- Maiatzaren 4an, larunbata, Rosarioko Distrito Siete aretoan
- Maiatzaren 5ean, igandea, Viedmako Kulturako Udal Zentroan
Uruguaiko (ikus hemen) eta Argentinako kontzertuak doakoak izango dira. Ondoren, 'Amerika subtropikala' birari amaiera emateko, Txileko Santiagon joko dute bizkaitarrek, bertako Euzko Etxean, maiatzaren 11n, larunbata. Sarrerak, hemen.
Gatiburen ibilbidea
Alex Sarduik (ahotsa), Haimar Arejitak (gitarra), Xabi Bengoak (gitarra), Gaizka Salazarrek (bateria), eta Ekain Alzolak (baxua) osaturik, Gatibuk bere errepertorioa errepasatu eta bere azken diskoa den EH Distopikala (2023) aurkeztuko du.
Azken lan honek “pop elektronikoa, funka, eragin latinoak, Karibeko doinuak eta Afrikako erritmoak” biltzen ditu. Ibilbide luzea du Gatibuk. Hogei urte baino gehiago pasatu dira dagoeneko taldea Gernikan sortu zenetik, eta bederatzi disko ditu kalean. Denbora honetan sari ugari jaso ditu, tartean Getxoko Bertsolari Elkarteak emandakoa, bizkaiera musika arloan erabiltzeagatik.