euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gatazkan dauden Gizarteetako Gazteez Nazioarteko bilkura egingo da Arantzazun urriaren 18tik 20ra bitartean

2007/10/03

Miren Azkarate sailburu eta bozeramalea
Miren Azkarate sailburu eta bozeramalea

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzako sailburu eta bozeramalea Ipar Irlandara abiatuko da gaur goizean, gazteria eta bake gaietako bi gobernuen arteko lankidetza jorratzeko. Azkaratek bilerak izango ditu, besteak beste, Ian Paisley ministro nagusiarekin eta Martin McGuinnes ministro nagusiordearekin. Ipar-irlandar eta euskal harremanen arlo honetan, gatazkan dauden gizarteetan mintegia egingo da urriaren 18-20an Euskal Herrian, Arantzazun, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Irlandako Public Achievement-ek antolatuta, Baketik erakundearekin elkarlanean.
Eusko Jaurlaritzak plazaratu duen ohar batean adierazten denez, Gasteizko exekutiboak eta Ipar Irlandako Gobernuak lankidetza garatuko dute gazteen artean bake heziketa, giza eskubideen sustapena eta bakearen sustapena eragitea xede izanda. Horren harira Miren Azkarate Kultura sailburua eta Gazteria Zuzendari Xabier Sanchez, Belfasten izango dira gaur asteazkena, bilerak egiteko Ipar Irlandako Gobernuko ministro nagusi den Ian Paisley-rekin eta ministro nagusiorde Martin McGuinnes-ekin, eta gobernu hartako Hezkuntza --Catriona Ruane-- eta Kultura --Edwin Poots-- ministroekin, baita Belfasteko alkate Jim Rodgers-ekin ere, besteak beste, izan ere jadanik indarrean diren lankidetza bideak zabaltzeko aukerak aztertzeko eta Jaurlaritza eta Ipar Irlandako Gobernuaren arteko lankidetza finkatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren Gazteria zuzendaritzak, dio oharrak, azken bi urte hauetan elkarlanean ari da Ipar Irlandako gizarte eragileekin gazteen artean bake heziketa eta giza eskubideen eta bake kultura eragiteko elkarlan bideak jorratze aldera. Horren ondorioz Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Irlandako Public Achievement erakundeak YWICS (Youth Work In Contested Spaces, alegia, 'Gazteekin Lanean Gatazkan dauden Gizarteetan') proiektua batera antolatu dute Arantzazuko Baketik Bake zentroarekin lankidetzan. Gazteei eta gatazkari buruzko nazioarteko konferentzian hau Arantzazun burutuko da hilabete honetan bertan, urriaren 18tik 20ra bitartean.

Euskal-irlandar elkarlan honen barruan, joan den abenduan Euskadin izan ziren Ipar Irlandako gobernuaren goi funtzionarioak eta gizarte eragileen ordezkariak hartu emanok sendotzeko. Garai hartan Ipar Irlandako Gobernu autonomoa etenda zegon bere alderdi politikoan, nahiz jarduera hau teknikoa izan. Ondoren, otsailean, Ipar Irlandako gobernua etenda oraindik, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria zuzendaritzako ordezkariek han izan ziren hainbat lan bilera eta hartu eman izateko, eta horien artean Erresuma Batuko Ipar Irlandarako ministroarekin bildu ziren elkarlan aukerak aztertzeko. Orain, Ipar Irlandako autogobernua berriro indarrean eta hauteskundeak egin ondoren, Miren Azkaratek bi gobernuen arteko gazteri eta bake gaietarako elkarlan aukerak aztertuko ditu Ipar Irlandako gobernu buruekin.

Mundu osoko 100 aditu Arantzazun

Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Irlandako Public Achievement erakundeak Baketik bake zentroarekin elkarlanean urriaren 18tik 20ra Arantzazun burutzeko antolatu duten YWICS, Youth Work In Contested Spaces (Gazteekin Lanean Gatazkan dauden Gizarteetan) proiektuaren ideia 2002an sortu zen Ipar Irlandan, Public Achievement GKEaren, Ipar Irlandako gobernuko Gazte Kontseiluaren eta Ulsterreko Unibertsitatearen Erkidego Laneko Sailaren artean. Orain arte konferentzia hiru aldiz antolatu da, beti Ipar Irlandan. Laugarren edizio hau, lehenbizikoa Ipar Irlandatik kanpo, Euskadin gauzatuko da.

YWICS proiektua mundu osoko gazte, teknikari, politikari, akademiko eta gazteen arteko lankidetzan oinarrituta dago, luzaroan indarkeriazko gatazka politikoa bizi izan duten edo horretan murgilduta dauden eskualdeei arreta berezia eskainiz. Toki horietan, gazteen arloko eragileen jardunean eta gazteekin lan egiteko orduan, hainbat erronkari aurre egin nahi diote, eta aztertu bereziki nola lagundu:

  • gazteei gaikuntza ematen, zatituta eta gatazkan dauden gizarteetan, herritar aktibo diren aldetik, modu positiboan parte har dezaten;
  • indarkeria gutxiago duen eta demokratikoagoa izango den gizartea (interdependentea) eraikitzen, bidezkoagoa (berdintasunezkoa) eta pluralagoa (anitza);
  • gizartea aldatzeko prozesuak bultzatzen, gazteen eta horiekin lanean dabiltzanen artean ez ezik, beren inguruko komunitateetan ere.
Urtero antolatzen den mintegia da proiektuaren hitzordu nagusia, aurten egun gutxi barru Arantzazun gauzatuko dena. Bertan gazteen esparruko profesionalen nazioarteko talde bat biltzen da, teoria eta praktika uztartzeko asmoz, gatazkan eta zatituta dagoen gizarte batean bizitzeak gazteen eta gazte eragileen bizitzetan duen islaren inguruan harreman estuak sortzeko, lankidetzak burutzeko eta hausnartzeko. 100 bat lagun hurbilduko dira Arantzazura, gazteekin gatazkak gainditzeko prozesuetan lanean diren eta Ipar Irlanda, Hegoafrika, Israel, Palestina, Armenia, Azerbaian, Egipto, Libano, Kolonbia, Sahara eta Balkanetako herrietatik etorritako eragile eta adituak.


Lotura interesgarriak

Public Achievement, euskaldunekiko lankidetza aipatzen duelarik
www.publicachievement.com

Baketik, Bake Zentroa, Arantzazu
www.baketik.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia