euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gatazka legal batengatik Bs Airesko Mexiko kalean funtzionatzen zuen euskal etxeak bere ateak itxi ditu

2010/12/17

Garai gozoak. 2005eko martxoan Eusketxek, Ekin Argitaletxeak eta Euskaltzaleak-ek Laurak Bat-en egoitza utzi zuten bide berri bat hasteko Mexiko kaleko etxean. Irudian, etxe-aldaketa egiten lagundu zuen koadrila, Mexikon ateratako lehenengo argazkian.
Garai gozoak. 2005eko martxoan Eusketxek, Ekin Argitaletxeak eta Euskaltzaleak-ek Laurak Bat-en egoitza utzi zuten bide berri bat hasteko Mexiko kaleko etxean. Irudian, etxe-aldaketa egiten lagundu zuen koadrila, Mexikon ateratako lehenengo argazkian.

PUBLIZITATEA

Atzoko --abenduaren 16ko-- datarekin eta e-mail bat medio, Buenos Airesko Eusko Kultur Etxea-Eusketxeko lehendakaria den Maria Elena Etcheverry de Irujo Ollok eta erakundeko idazkari María del Carmen Echevarnek Eusko Kultur Etxea, Euskaltzaleak eta Ekin Argitaletxea batzen dituen euskal egoitzaren ixtea adierazi zieten instituzioko kideei eta euskal komunitate osoari, zergatiei buruzko azalpenak emanez. Behar da esan azken bost urteetan euskal-argentinar eta euskaldun askorentzat euskal kulturaren erreferentea izan den egoitza hau joan de abenduaren 5etik dagoela itxita ondorio txar guztien, hala nola etendura eraginez euskara klaseei, tabernari, zine-zikloari, eta baita Euskal Herrira joateko bi txartelen zozketari ere. Laguntza-bonu hauei dagokienez, Eusketxeko Batzordeak zozketa abenduaren 28an, eskribautza batean egingo dela adierazi du.

Buenos Aires, Argentina. Urte askotan elkarrekin lan egin ondoren, istilu larri honetan bi zati eta bi pertsona dabiltza elkarri mokoka erabat elkar ezin ikusirik, Maria Elena Etcheverry eta Irene Lopez de Vicuña. Maria Elena Etcheverry, Andres Irujo zenaren alarguna, pertsona ongi ezaguna da Buenos Airesko euskalgintzan. Eusko Kultur Etxea-Eusketxe erakundeko lehendakaria da, eta aldi berean Mexiko kaleko euskal egoitzaren, higiezinaren, jabea. Irene Lopez de Vicuña, bere aldetik, ezaguna da oso baita ere Argentinako euskalgintzan, urte askotako bere militantzia euskaltzaleagatik, eta luzaroan Eusketxeren 'aurpegi publikoa' izateagatik, bera baitzen elkarte horretako liberatu bakarra, beti egoitzan eta telefonoaren bestaldean zerbitzari zegoena. Daramaten gatazkan, Etcheverry Eusketxeko presidente gisa mintzo da, elkarteko Zuzendaritza Batzordearen babesaz, eta Lopez de Vicuñak Eusketxeko bazkide talde baten sostengua ere badu bere inguruan.

Eusketxeren bertsioa e-mailean

E-maila zuzendu zien atzo Eusketxek bere kideei eta euskal komunitate osoari. “Irene Lopez de Vicuñak, azaroaren 11ra arte instituzioko enplegatu administraria izan denak, aurkeztutako lan-demandaren ondorioz, Eusko Kultur Etxea-Eusketxek eta honekin bat bere lehendakaria den Maria Elena Etcheverry de Irujo Ollok bizi duten egoera dela-eta, Mexiko kalean dagoen etxeak bere ateak itxi ditu abenduaren 5etik otsailaren 28ra arte. Balizko berirekitzea epe honetan hartuko diren erabakiek baldintzatuta egongo da, une honetan zaila baita aurreikustea egoera honek izango duen amaiera”, dio gutunak.

Gutun berean jarduera erakundeak azaltzen die laguntza-bonuak erosi dituztenei, aipatutako arazoengatik Eusketxeren urte amaierako ohiko jaia ez dela egingo aurten eta Euskal Herrira joateko bi txartelen zozketa abenduaren 28an, arratsaldeko 3etan, Tucuman kaleko 1427 zenbakian dagoen eskribautzan burutuko dela. Horri dagokionez, jakinarazten du kuotaren bat oraindik ordaintzeke daukatenek Eusketxen bertan ordaindu ahal izango dutela aldez aurretik telefonoz deituz geroz (4381 4611).

Gatazkaren hasiera

Bost urte dira Eusketxe, Ekin Argitaletxea eta Euskaltzaleak elkarteak Mexiko kalean elkarrekin bizi direla. Hiru elkarteek 2005ean Buenos Airesko Laurak Bat-en egoitza utzi eta aparteko proiektu batean hasi ziren, hiru elkarteetako partaide zen Maria Elena Etcheverryk berak erositako etxe batean. Orain, Etcheverryk, bere abokatuen aholkuak jarraituz, etxea ixtea erabaki du, Irene Lopez de Vicuña eta Eusketxeko lehendakariaren artean sortutako gatazka tartean.

Etcheverryk EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “uztailean abisu bat eman zion Eusketxek Lopez de Vicuñari. Eusketxeko langilea zenez, bulegoko giltzak zeuzkan. Baina guk jakin genuen lan-ordutegitik kanpo bulegora jendea sartzen uzten zuela. Hori dela eta abisu bat eman genion. Horren ondoren, urrian, beste egun batean bere eginkizunetako bat bete ez zuenez --klasera zihoan ikasle talde bati ez zion etxeko atea ireki-- Eusketxek egun bateko suspentsio zigorra ipini zion. Kari horretara, zigor bat jarri genion. Lopez de Vicuñak atzera egin genezan eskatu zigun, eta egin ez genuenez, berak bere burua kanporatutzat jo zuen", azaldu digu Mexiko kaleko etxearen jabe denak.

Aldi berean eta besteak beste, bitariko egoera larri honek kolokan jartzen du baita ere etxean funtzionatzen duen hirugarren elkartea, Euskaltzaleak euskaltegia. Izan ere, Euskaltzaleak-ek abenduko ekintzen egitaraua --euskara klaseak, zine-zikloa, taberna...-- bertan behera utzi edo aldatu behar izan du, egoitza itxi egin baitiote. Ikasle eta bazkide asko kezkatuta daude eta jakin nahi dute zer gertatuko den berehala, urtarrilean hastekoa den urte eta kurtso berriari begira. “Gauzak horrela, nik ezin dut aurreratu zer gertatuko den. Gainera egoera delikatu honetan abokatuek ezer ez esateko gomendatu didate", erantzun digu Etcheverryk etorkizuna nola ikusten duen galdetutakoan.

Irene Lopez de Vicuñaren bertsio eta erantzuna 

Testu inguru honetan eta Eusketxek hedatutako gutuna ezagutu bezain laster, Irene Lopez de Vicuñak goitik behera ukatu du Etcheverryk esandakoa. E-mail bidez zabaldu duen idazki batean dioenez, “nik ez dut nire lanpostua utzi. Ekainetik aurrera eta inongo arrazoirik gabe María Elena Etcheverryk jazarpena hasi du nire kontra. Nire erantzukizun ez ziren bi gertaerengatik zigortu ninduen eta nik, ondorioz, ditudan eskubideak erabili behar izan ditut nire burua babesteko".

"Aurretik batere abisatu gabe eta bere erabakiz Mexikoko Euskal Etxea itxi izana neuri leporatu nahi izanak argi eta garbi adierazi eta agerian uzten du Etcheverryk euskalgintzarekiko daukan engaiamendu eza. Bera izan da zeuzkan betebeharrak bete ez dituela egoera honen guztiaren eragile eta errudun bakarra".

"Esandako guztia babesten duten idatzi eta dokumentuak erakusteko moduan nago. Paperok argi uzten dute Eusketxeko lehendakariak, betebeharrak bete ez dituela eta esan dituen gezurrak, 2006tik hona naizela enplegatu baitio, eta ez 1989tik, jendeak oro dakien bezala, lehenengo fase batean, 1989ko urtarriletik 1994ko irailera arte Avda. Belgrano 1150ko egoitzan, eta 2001eko hasieratik gaurdaino Avda. Belgranon eta egungo Mexiko kaleko egoitzan".

"Honekin esan nahi dut Eusketxeko lehendakariak berak behartu nauela salaketa aurkeztera. Nire laneko ibilbide osoan ez dut sekula aurretik zigorrik jaso ez eta honelako egoerarik pairatu. Errealitatea ukatzea alferrikakoa izango du eta mesede kaskarra egiten dio harrotasunez parte naizen euskal komunitateari", amaitzen du Irene Lopez de Vicuñak.

Euskaltzaleak-en egoera

Aurretik esan bezala, hiru erakundek funtzionatzen dute Buenos Airesko Mexiko kaleko egoitzan. Maria Elena Etcheverry bi horietako buru da, hala nola Eusketxeko lehendakaria da eta Ekin Argitaletxeko arduraduna, eta Euskaltzaleak-eko kide eta lehendakari ohia. Berarekin egin ditugun hitzetan ez digu auzitegian dagoen istilu honek izan ditzakeen irtenbideez ezer esan nahi izan.

Hirugarren erakundeak ere eraginda ikusten du bere geroa, hasteko, abenduaren 5etik honako bere ekimenak ezin izan dituelako egin Mexiko kaleko egoitzan. Euskaltegiak momentu honetan 80 bat ikasle eta kide ditu eta eutsi nahi dio eurekiko daukan erantzukizunari. “Zoritxarrez gure eskuetatik kanpo dagoen gatazka honek eragin handia izan du gurengan. Izan ere, ekintza batzuk bertan behera utzi behar izan ditugu lekurik ez geneukalako. Kurtsoa bukatua da, baina klase batzuekin jarraitzen dugu --ikasleei hitza emana genien eta guk ez dugu hitza jaten-- baina eskola horiek batzordekide eta irakasle batzuen etxeetan ematen ari gara”, azaldu digu Mariana Arla Euskaltzaleak-eko idazkariak.

Egoera ez da gustukoa ezta erraza ere, baina lasaitasun mezua zabaldu nahi diete ikasle, irakasle, bazkide eta lagunei oro har. "Gure ikasleei esan nahi diegu lasai egon daitezkeela. Kinka egokiena bada ere, eta arazoak arazo, hizkuntzarekiko gure konpromisoa beti bezain irmo dago eta gainean dugun urte berrian, 2011ean, ikastaro guztiek jarraituko dute eta ikasle aski badago talde berriak irekiko ditugu, urtero bezala", esan du Arlak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia