La Pampako Gral. Acha herrian jaioa, Cordoban bizi da Mauro Funes. Sukaldari gazteak bere sorterriko Euzko Txokoa Euskal Etxearen izenean hartu zuen parte iaz Gastronomiari eskainitako Gaztemundun. Cordoban sukaldaritza ari da ikasten Mauro, bertako Gastronomia Eskola batean. Bere formakuntza ibilbidean, baina, oso garrantzitsutzat jotzen du Euskal Herrian izandako esperientzia. Horen adierazgarri, Pintxo Tailerra eta ondoren dastaketa eskaini berri ditu bere jaioterriko euskal etxean.
Gral. Acha, Argentina. Bere herritarrei zuzendutako Pintxo Tailerra eskaini zuen Mauro Funesek joan den apirilaren 22an La Pampa probintziako Gral. Acha herriko Euzko Txokoa Euskal Etxean. Tailerra irekia zen eta edonork har zezakeen parte. Harro programatu zuen Euzko Etxeak, 20 urte baino ez dituen bere bazkidearen ibilbide eta eskarmentuaren adierazgarri.
Hiru orduko tailerrean Euskal Herrian jan daitezkeen pintxoetako batzuk nola egin azaldu zuen gazteak, "baina Argentinan aurki daitezkeen osagaiekin". Mokaduak prestatzeko erabili zituen produktuen artean, urdaiazpikoa, atuna, tomatea, olagarroa, odolkiak, otarrainxkak, antxoak eta perretxikoak aipa daitezke. 20 pertsona bertaratu ziren eta elaborazioaz ikastearekin batera, pintxoak dastatzeko aukera ere izan zuten. Baina Mauroren proposamena General Achan, ez zen tailerrera mugatu. Normalean Cordoban --errepidez, General Achatik ia 800 kilometro iparraldera-- bii denez, herrian Klase Magistral bat ematera gonbidatu zuten Nekazaritza Elkarteko ordezkariek.
La Pampako bertako produktu organikoak erabili zituen klasean eta ‘Estilo 152’ upeltegiko ardoak. Honako menu hau prestatu zuen: solomiloa –gogora dezagun La Pampa probintzian goi mailako bere haragiagatik dela ezaguna–, risottoa, eta postrerako ‘Alkimia’ izeneko errezeta: brownie, laranja krema, fruitu gorriak, intxaurrak, almendrak eta txokolatea kokoarekin.
Bere formazioaz galdetuta, Maurok berak azaltzen dio EuskalKultura.com-i, Gastronomia karreraren azken urtea ari dela Cordobako ‘Azafran’ Sukaldaritza Eskolan. Iaz, Gaztemundu beka irabazteaz gain, laugarren postuan geratu zen 600 sukaldaritza ikasleren artean, Casalta Gastronomia Lehiaketan. Eta oso gaztea bada ere, ibilia da dagoeneko lanean zenbait lekutan Cordoban: besteak beste Quorum Hotelean eta La Torgnole Gastronomique jatetxean. Aurten gainera Cordoban egin zen Nazioarteko Rally-an, txosna nagusian ibili zen sukaldari.
Hurrengo urrats batean, Euskal Herrian ikusten du bere burua Maurok, eta ez oso denbora luzean. “Nire helburua orain, karrera aurten bukatu eta gero, Euskal Herrira joatea da, bertako Basque Culinary Center Fundazioan ikasteko. Gaztemundu bekarekin ezagutu nuen Basque Culinary, eta nire ametsa han ikastea da”, aitortzen du gazteak. Bere ama bezala –Valeria Garcia Oyarzabal Euskara Munduan programarekin trebatzen ari den irakaslea da, eta Santa Rosako Zelaiko Euskal Etxeko lehendakaria–, Mauro ere ari da bere bidea egiten euskal kulturan; bere kasuan, mundu osoan euskal ikurretakoa den sukaldaritzaren eskutik.