euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gastronomia, musika, kultura eta kirol ekitaldiak, Tandileko Gure Etxea EEaren 60. urteurrena ospatzeko

2009/11/07

Tandileko 'Gure Etxea'ren artxiboko irudi bat (argazkia EuskalKultura.com)
Tandileko 'Gure Etxea'ren artxiboko irudi bat (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Gaurtik aurrera eta hilabete batez, hamaika ekintza antolatu dira Tandilen, bertako 'Gure Etxea' Euskal Etxearen 60. urteurrena ospatzeko. Ekitaldiekin bat egin nahi dutenek, mus eta pala txapelketa, hitzaldi eta ikastaroak eta bestelako bazkari, afari eta irtenaldietaz gozatzeko aukera izango dute. Musika eta kultura alorreko hitzorduak ere ez dira faltako, eta Euskararen Eguna ere urtero abenduaren 3an denez, toki berezia egingo zaio urteurreneko ospakizunetan.

Tandil, Argentina. Tandileko Euskal Etxe argentinarrak 60 urte bete ditu eta bertako kideek ez dute ospatzeko aukerarik galdu nahi izan. 'Gure Etxea'k, hainbat proposamenez beteriko programa bat aurkeztu dute, adin guztietako euskal-zaleek parte hartzeko aukera izan dezaten. Gaurtik aurrera eta abenduko lehen egunetaraino Euskal Etxeak antolatutako hitzordu guztiak, kanpora egingo diren pare bat irtenaldi kenduta, Euskal Etxeko Euskararen Aretoan, Gumersindo Berra Aretoan eta Pala jolastokian burutuko dira.

Ekitaldi sortari, Euskal Herria eta euskarari buruzko hitzaldi eta tailer batek emango dio hasiera gaur larunbata, azaroaren 7an. Biharko, Euskal Etxeko Irudi erakusketa-ren inaugurazioa iragarri da, euskal baserriak, euskal mitologia eta musika instrumentuak erakusketaren muin eta oinarri. Historian zehar atzera begirada bat botatzeko aukera ere izango da, estreinatuko den Oroimenaren Txokoarekin. Geroxeago, Euskal Etxetik mugitu gabe, Euskal Herria: Lau Haizetara dokumental ederraz gozatzeko izango da. Ikus-entzunezkoa, Datozen egunetan beste bi aldiz proiektatuko da.

JOLASAK, IKASTAROAK ETA BESTELAKO EKINTZAK

Dena, ordea, ez da kultura teorikoan oinarrituta egongo. Jendearen parte hartze dinamikoa ospakizun orotan ezinbestekoa denez, hurrengo egunetarako dibertimendua eta giro ona ziurtatzen dituzten hainbat ikastaro, jolas eta txapelketa antolatu ditu Gure Etxeak. Urrutira joan gabe, mus txapelketa bat egingo da, azaroaren 13an, ostiralean. Jokatu nahi duten bikoteak Euskal Etxeko bazkide izan behar dira edo, gutxienez, bietako batek hala behar du izan. Bestela ere, euskal sukaldaritza eta dantza ikastaroak antolatu dira, parte hartu nahi dutenek modu didaktiko zein entretenigarri batean gerturatu daitezen euskal molde eta ohituretara.

Programaren baitan, bestelako bi ekitaldi: Tandileko zaharren egoitzara egingo den bisita, eta EEko Gumersindo Berra Aretoan egingo den VII. Abesbatza Euskaldunen Topaketa, euskal kantu tradizionala maite dutenek galdu ezin dutena.

EUSKAL TABERNA ETA EUSKARAREN EGUNA

Euskaldunek, Euskal Herrian eta Diasporan ere zaletasun daukaten zerbait jan-edanarekiko atxikimendua da. Azaro bukaeran, hilaren 27an, Euskal Taberna bat egingo da, euskal dantza eta jakiekin. 29an, igandea, Santa Ana Parrokian Eskertze Eguneko meza izan ondoren, poteoaren barruan, euskal-pintxoak dastatzeko aukera izango da EE barruko Sukalde jatetxean eta, ondoren, euskal plater tipikoen jatordua dago programatuta Gumersindo Berra Aretoan.

Euskarak urtean zehar egun berezi bat badu, egun hori, abenduaren 3a da, eta Gure Etxeak, programaren azken txanpan, Euskararen Egunari tokia egin nahi izan dio ekitaldi sortaren barruan. Horrez gain, eta 60. urteurreneko ospakizunei amaiera emanez, Euskal Etxeak Pala Txapelketa bat antolatu du abenduaren 5erako. Hiru taldetan banatuko dira parte hartzaileak: haurrak, emakumeak, eta helduak.

Txapeldunak zoriondu ostean, bizi eta gozatu diren ekintzen hausnarketa egitea eta 61. urteurrenarentzat falta diren egunak egutegitik ezabatzen joatea besterik ez da falta!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia