Tres Arroyos, Argentina. Atzerapenez, duela ordu gutxi amaitu da Tres Arroyosen Gariaren Jai Probintzialaren 2025eko edizioa. Oso eguraldi kaskarra egin arren, Udala antolatzaile urtero milaka bisitari biltzen dituen ekitaldi honetako 56. edizioa gogo biziz sustengatu zuten ikus-entzuleek. Jaia martxoaren 5ean, asteazkena, inauguratu zen eta, ohi dutenez, Tres Arroyosko gizataldeek euren banderak erakutsi zituzten agertoki nagusian. Hiru Erreka Euskal Etxeko ordezkari Pilar Olsenek ikurrina igo zuen oholtzara. Programak EEko dantzari taldearen emanaldia ere iragartzen zuen, baina, eguraldi txarraren ondorioz, ostiraleko ikuskizun artistikoak bertan behera utzi zituzten, eta itxiera-ekitaldia ere, martxoaren 9erako aurreikusita, astelehenera geroratu behar izan zuten.
Urtero bezala, Hiru Erreka luzitu egin zen bere stand gastronomikoarekin, txistorra, patata tortilla, urdaiazpikoa eta, gozozaleentzat, euskal pastela eskainiz. Zorionez, larunbat iluntzean, eguraldi ona lagun, dantzari taldeak bere errebantxa hartu ahal izan zuen. Sara Urbieta, Pilar Urbieta eta Maia Jaureguibehere hirukotea zuzendari, dantza tradizionalen ikuskizun gustagarria eskaini zuten, eta amaieran, jendea erronda-dantzetan parte hartzera gonbidatu zuten. "Polita izan zen oso, jendeak poz handiz egin zuen bat, nabari utzi zuten gogokoa zutela", esan dio EuskalKultura.eus-i Hiru Errekako erreferente Myrian Hojbjerg Izurietak, jakinarazi digularik, bestalde, martxa onean doazela Euskal Etxearen egoitza berria eraikitzeko lanak eta jarri berria dutela sabaia: "lanek tinko jarraitzen dute" esan digu kontent.
Maialen Lujanbio eta Dolores Ibarruri
Gehitu dezagun, Hiru Errekak proposatuta, martxoaren 8an, 56. Gariaren Jai Probintzialaren barnean, "Emakumeek Emakumeak ospagai" ekitaldia burutu zela Gizataldeen Patioan, Emakumearen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin bat eginez. Emakumezkoen jantzi tipiko erakusketa bat gauzatu zen, haur txoko bat antolatu zuten efemeridearen gaia lantzeko, eta gizatalde bakoitzeko bi emakume nabarmen hautatu ziren, omenaldia egin eta publikoki errekonozitzeko. Euskaldunen kasuan,. Hiru Errekak, Maialen Lujanbio Zugasti bertsolari garaikidea eta Dolores Ibarruri "La Pasionaria" politikaria gailendu zituen.