Gastón Mendiolagoitiak hiru bidaia egin ditu Euskal Herrira eta apurka apurka bere zuhaitz genealogikoa osatzen joan da. Orozkon emozio handiz bisitatu du Mendiolagoititarren oinetxea. Mendiolagoitia argentinarrak 'Familia Liburua' (1787) gorde dute eta baita 'Hidalgia Zedula' ere (1749), euren arbaso Francisco Mendiolagoitiari 'infanzon'tasuna aitortzen diona. Deia egunkariak Susana Martinek sinatzen duen honako erreportajea argitaratu du.
Orozko, Bizkaia. Gaston familia paperez hornitua etorri da Argentinatik. Itsasoz bestaldeko Mendiolagoitiatarrak urregorria bezala gorde dute euren 'Familia Liburua' (1787) eta baita 'Hidalgia Zedula' ere (1749), euren arbaso Francisco Mendiolagoitiari 'infanzon'tasuna aitortzen diona. Izan ere, Francisco Antonio María de Mendiolagoitia y Mathe-k --Orozkoko San Joan Bataiatzailearen elizan 1749ko uztailaren 23an bataiatua-- espedientea zabaldu zuen Valladoliden bizkaitartasuna onar ziezaioten eta lortu ere lortu zuen hori aitortzen zuen autoa.
Gero, han-hemenka joatea hasi zen, Francisco arbasoa Valentziara aldatu baitzen 1770 edo 1771 inguruan eta familiak denborarekin Argentinan bukatu zuen. "Izan ere Argentinara etorri zena nire birraitona Servando izan zen, 1859an Altafulla, Tarragonan jaioa. Bost seme-alaba izan zituen, horietarik bat nire aitona Alfredo", azaltzen du Gastonek, familiaren izenean dokumentu historikoen gordailu denak.
Familian beti bizi izan omen dute liluraz dokumentu hauen inguruko historia eta Gaston bera hirutan etorria da Euskal Herrira eta bisitatu izan du Orozko --batean, egun hila den bere aitarekin--, bertan informazioa eta loturak lortzearren.
Orozkon sentimentu biziak pizten zaizkiola aitortzen du Gastonek, eta badirudi egun hutsik dagoen Mendiolagotia oinetxeko egungo jabearekin hizketan ikusten duela bere burua historiaz eta familiaz hitz egiten, baztertu gabe oinetxea Mendiolagoitiatarren eskuetara itzultzea.
Erreportaje osoa Susana Martinek Deian gaztelaniaz argitaratua, hemen,