euskal diaspora eta kultura
2014/03/26
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Euskal Herrian bueltan da Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra, Bilboko Txistulari Bandaren zuzendaria, Hego Korean kontzertu bira bat eskaini eta gero. Han, Iñaki Letamendia eta Jexux Mari Garmendia tolosarrekin batera, bost emanaldi egin ditu, txistuaren musika korearren artean ezagutzera emateko. Eta arrakastaz, gainera!
Mendizabalek "Txistu Symphonic" diskoa grabatu zuen orain dela hiru urte, Bratislavako Orkestra Sinfonikoarekin. Lan aitzindaria izan zen hura; izan ere, txistuarentzat idatziriko pieza klasikoak orkestrarekin batera jotzeko moldatu ziren. Horiekin batera, Xabier Zabala musikagilearen bi doinu berri ere grabatu ziren (Ondoan eta Irribarrea).
Txistua munduan zabaltzea
"Zalantzarik gabe "Txistu Symphonic" lana da guzti honen abiapuntua", esan du musikariak. "Nire ustez, lan honek ate zabal eta elegante bat irekitzen dio txistuari eta atzerrian zabaltzen lagundu dezakeela. Txistuak bere nortasuna mantentzen du eta orkestraren laguntzaz emaitza oso erakargarria da. Aurpegi desnerdinak ere erakusten ditut lan honetan; badira Xabier Zabala-ren bi doinu berri (Ondoan eta Irribarrea) beste estetika bat dutenak. Lasaiagoa, intimoagoa, erreflexiorako laguntzen duena".
Hego Koreako biran zerikusi handia izan du ere Unai Urrecho arrasatearrak. Bertan bizi da Urrecho eta Hwaseong Festival Orkestrako zuzendaria da. "Txistu Symphonic" lana ezagutu bezain pronto, Mendizabalekin harremanetan jarri zen bira antolatzeko. Biran bi kontzertu sinfoniko egin ziren --“Chun Cheon Philarmonic Orchestra” eta “Gyongbook Philharmonic Orechestra”-rekin-- eta beste hirurak formatu txikikoak izan dira.
Harrera beroa Hego Korean
Korearren harrerarekin oso pozik agertu da Mendizabal: "Bi kontzertu sinfonikoetan jende andana bildu da eta oso harrera beroa izan dugu. Chun Cheon Philarmonic Orchestra-ren kontzertuan 1.200 pertsona gerturatu ziren eta izugarria izan zen. Gyonbook Philarmonic Orchestra-ren kasuan 500 pertsona inguru baina emaitza berdin, oso bero eta atsegina".
Emanaldietara Hego Korean bizi diren euskaldun batzuk ere hurbildu ziren. "Unai Urrecho musikaria, Ildefondo Ikaztegietako apaiza, 45 urte daramana bertan. eta Legazpiko beste apaiz bat ere. Hauek denak Ilshin Hall-eko kontzertura etorri ziren. Oso emozionantea izan zen. Imagina dezakezu hauentzako zer zen...", adierazi du zestoarrak.
[Hego Koreako euskaldunekin (argazkia Garikoitz Mendizabal)]
Txilera eta Perura
Biran zebilela jakin zuen Mendizabalek Bilboko alkate Iñaki Azkunaren heriotzaren berri, eta sare sozialen bitartez zabaldu zuten hiru txistulariek Hego Koreatik bidalitako Agurra (ikus bideoa).
Orain, Euskal Herrian bueltan, txistulariak eguneroko lanari ekin dio berriz ere, Bilboko Txistulari Bandaren zuzendari, baina badihardu ere txistua munduratzeko beste zenbait ekimen antolatzen. "Bai, badira aukerak Txile eta Perura joateko. Hurrengo urtean Bartzelonako Lizeoan arituko naiz Espainiako Ballet Nazionala eta Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin. Honek esan nahi du, bueno, apurka apurka, 'Txistu Symphonic' proiektua ari dela emaitzak ematen". Diasporako zenbait txistularirekin harremana badu, eta bere esanetan "haiek desiatzen daude hemendik gu joateko eta gu horretarako gaude".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus