euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gardnervilleko Lekumberry familia, Douglas County Historical Society-ren ekimen berriko lehen protagonista

2015/05/01

Gardnervilleko JT euskal ostatua kudeatzen dute Lakumberrytarrek. Marie-Louiseren ustetan ohorea da bertakoen historia bere familiarenaren bitartez kontatzea (argazkia JT)
Gardnervilleko JT euskal ostatua kudeatzen dute Lakumberrytarrek. Marie-Louiseren ustetan ohorea da bertakoen historia bere familiarenaren bitartez kontatzea (argazkia JT)

PUBLIZITATEA

Nevadako Douglas County Historical Society-ren helbururik behinena, historia mantendu eta zabalduz, herritarren eta bisitarien bizitza aberastea da. Webgunean azaltzen duen pentsamolde honi jarraiki, igande honetan, maiatzaren 3an, historia programa berria hasiko dute, hiriko Lekumberry familia euskalduna protagonista. "Ohorea da guretzat", onartu dio euskaraz EuskalKultura.com-i herrian bertan jaioa euskaltzale aktiboa den Marie-Louise Lekumberry-k.

Gardnerville, AEB. “Jendeak gustuko du istorioak entzutea”, Cindy Rogers DCHS-ko zuzendariaren berbatan. “Horregatik pentsatu genuen programa hau arrakastatsua izan zitekeela. Eta gu historia elkartea garen neurrian, (jendearen istorioak) entzun baino gauza hoberik ezin dugu egin”.

Rogers-en iritziz mota honetako programak erakargarriak izan daitezke gazteentzat ere. “Normalean 30, 40 eta 50 urteko pertsonak izaten ditugu, baina gauza hauek gazteentzat erakaragarriagoak izan daitezkeela uste dugu”.

Lekumberryrentzat, “ohorea da komunitate eder honetan hau egin ahal izatea. Modu batean, euskal-amerikar askoren historia kontatuko dugu, geure familiaren historiaren bitartez”. Ia sendi osoa agertuko da, hiru belaunaldi. Baina Marie-Louisek berak eta bere bi nebek, J.B.-k eta Robert-ek, egingo dute berba gehien, power point, bideo eta argazkien laguntzaz.

Nor garen jakiteko

“Nondik gatozen jakin behar dugu nor garen jakiteko”, baiesten du Lekumberry-k. Bere aburuz, “garrantzitsua da nortasun bat izatea eta partekatzeko historia bat edukitzea. Gu euskaldunak gara, baina denok gatoz nonbaitetik. Historia euskalduna da geurea, baina unibertsala da. Etorkin historia bat da, estrapola daiteena”.

Jean Lekumberry bere aitari buruz egingo dute berba hasieran. 22 urterekin Euskal Herriko Ortzaizetik (Nafarroa Beherea) heldu zen Gardnervillera, patrikan 32 dolar zituela, artzain gisa aritzera. 1947. urtean izan zen eta, garai hartan herriak zuen itxuraz eta euskal ostatuez ere egingo dute berba. Bai eta horietako batean hazi izanaren esperientziaz.

Carson Valley Museum and Cultural Center-en izango da saioa, igande honetan. Arratsaldeko 13:00etatik 15:00etara. Doakoa izango da sarrera eta freskagarriak eskainiko dituzte. Informazio gehiago behar izatekotan dchs@historicnv.org helbidera idatzi edo (775) 782-2555 telefono zenbakira deitu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia