euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia abian da bere funtzionamendu araudia onartuta

2010/03/24

Euskal kooperanteak Venezuelan (arg. Joana Lopez de Gereñu)
Euskal kooperanteak Venezuelan (arg. Joana Lopez de Gereñu)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamendua arautuko duen erregelamendua onartu zuen atzo. Sei hilabete barru inguru abian jartzea aurreikusten den erakundearen antolaketa zein funtzionamendu erregelamendua jasotzen du Dekretuak. Aurrerantzean agentzia hau arduratuko da Euskadiko garapen-lankidetzarako politikak planifikatu eta kudeatzeaz. Jaurlaritzak hartutako erabakia 2007ko otsailean, Garapen Lankidetzari buruzko Legearen onarpenarekin hasitako legegintza egutegiaren barruan kokatzen da. Egutegi horrek jarraipena izan zuen 2008ko ekainean, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautu zuen Legearekin.

Vitoria-Gasteiz. Gobernutik ohar bidez adierazi dutenez, lan-bolumena gero eta handiagoak eta herrialde pobretuetan giza garapen iraunkorrarekiko lankidetzaren inguruko gaien konplexutasun geroz eta handiagoek justifikatzen dute erakunde hau sortu izana, Jaurlaritzaren egungo egituraren arabera Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikita. Gemma Zabaleta sailburuak adierazi zuenez, "Agentziaren lanari esker koordinazio hobea egongo da beste erakunde batzuekin, lankidetzako eragileekiko plangintza hobetu ahal izango da, eta arintasun eta gardentasun handiagoa eman ahal izango zaie administrazio zein ebaluazio prozedurei".

Agentziaren egoitza Gasteizen egongo da, eta zuzenbide pribatuko ente publiko gisa eratzen da. Horren ondorioz, bere helburuak gauzatzeko berezko gaitasun juridikoa izango du.  Garapen-lankidetzarako politika betearazteaz gain, agentziaren eskumenak izango dira, besteak beste, baliabide ekonomiko eta materialak kudeatzea, lankidetza-politiken plangintzan Gobernuari aholkua ematea eta funts publikoen transferentzia kudeatzea.

Gemma Zabaletak argi utzi nahi izan zuen atzo Agentzia abian jartzeak ez duela aldatuko "Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak 2010. urterako hasiera batean zeukan 51 milioi euroko aurrekontua". 50 milioi proiektuetarako diru-laguntzetarako dira, eta milioi bat kudeaketa-gastuetarako. Plantilla berriz bai, aldatu egingo da, 17 lagunek osatuko baitute.

Jarduerak hasi arteko trantsizio-epean, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko egungo Garapen Lankidetzarako Zuzendaritza aldatuz joango da arian-arian, Agentzia gisa eratu arte. Bitartean ondokoak eratu beharko dira: gobernu-organoak (presidentetza, artezkaritza-kontseilua eta zuzendaritza), kudeaketakoak (Kudeaketa Orokorreko Zerbitzua, Estrategia Planifikatzeko Zerbitzua, Koordinazio Teknikoko Zerbitzua) eta zuzendaritza-batzordea.

Une hauetan 167 euskal lankide ari dira lanean Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren diru-laguntzarekin 2003. urtetik gauzatze-fasean dauden 428 proiektutan. Euskadiko garapen-lankidetza Ertamerikako eta Hegoamerikako herrialdeetan gauzatu izan da, nahiz eta azken urteotan ahalegin handia egiten ari den Afrikan ere euskal presentzia hau zabaltzeko; izan ere, desnutrizio eta pobretasun-maila larria baitago han. Agentziak kontinente beltzarekiko lankidetza sustatuko du, eta bere funtsen % 30 horretan erabiliko ditu, dio Jaurlaritzarik zabaldutako oharrak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia