euskal diaspora eta kultura
2014/04/24
PUBLIZITATEA
Valparaiso, Txile. Garapenerako Euskal-Txiletar Erakundeak 20 milioi pesoko dohaintza egin dio Valparaiso hiriari, iragan egunetan jasan zuen sutearen kalteak konpontzen laguntzeko. Dohaintza atzo bertan eman zion elkarteko presidente Luis Basaurik Valparaisoko alkate Jorge Castrori.
Luis Basauri eta Rafael Kutz, Eusko Jaurlaritzaren Txileko ordezkaria, udaletxean hartu zituen alkateak eta hiriak jasan berri duen ezbeharrari buruz mintzatu ziren.
Basaurik agertu zuenez, suteak eragin zuen hondamendiak nahigabea eragin zuen euskal komunitatean, eta horrek eraginda Garapenerako Euskal-Txiletar elkartea berehala jarri zen lanean hiriari laguntzeko. Ekimen horri esker, elkarteak hiriari laguntzeko fondo bat sortu du, "gune kaltetuen urbanizatze prozesuan laguntzeko eta etorkizunean horrelako hondamenan ekiditzeko".
Euskal komunitatearen kuttuna
Erakundearen presidenteak aipatu zuenez Valparaisok bizi duen egoera larriak eta euskal komunitateak hiri honi dion maitasun bereziak eraginda, erantzun azkarra izan zuen ekimenak eta Txileko euskal jatorridun enpresari talde honek -besteak beste, Valparaíso Portuko presidente Mikel Uriartek- une latz honi aurre egiten laguntzeko erabakia hartu zuen.
“Gure arteko askoren aiton-amonak eta gurasoak Valparaisotik sartu ziren Txilera. Hori dela eta, maitasun berezia diogu portu honi, ahaztu gabe azken migrazio handia ere Valparaisotik sartu zela, orain 75 urte, Winnipeg untziarekin”, gehitu zuen.
Basoberritzean lagundu
Basauri agertu zuenez, alkatearekin izan zuten berbaldian dohaintzaz gain etorkizunean beste zenbait arlotan laguntzeaz mintzatu ziren; esaterako, suteak kaltetu dituen zenbait guneen basoberritzean.
“Udal haztegiari laguntzea pentsatu dugu, sua atzeratzen duten zuhaitz espezieak landatzeko aholkatuz. Akaziak eta australiar aromoak dira espezie horietako batzuk, esaterako. Ideia interesgarria da eta horri esker goiko lurrak finkatu ahalko ditugu, euria egiten duenean lubizirik gerta ez dadin. Solasean jarraituko dugu, aurrerago lankidetza hau zehazteko", iragarri zuen Garapenerako Euskal-Txiletar elkarteko presidenteak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus