euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

John Garamendi euskalamerikarra aukera handiz AEBetako Kongresuko kide bilakatzeko irailaren 1ean

2009/08/12

John Garamendi (argazkia EuskalKultura.com)
John Garamendi (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Gaur egun Kaliforniako gobernadoreorde den John Garamendi demokrata euskalamerikarra aukera handiz dabil, hilabete eskas barru --irailaren 1ean--, Estatu Batuetako kongresukide bilakatzeko, Ellen Tauscher-en eserlekua betetzeko egingo diren hauteskunde berezietan; hala adieraziko lukete bederen boto-asmo inkestek, bere bulegotik EuskalKultura.com-i jakin arazi zaionez. Irailaren 1ean inork aski bozka lortuko ez balu, azaroaren 3koetan erabakiko litzateke. Garamendi gogor ari da kanpainan eserleku hori bereganatu nahian. AEBetara emigratu zuen Sam Garamendi lekeitiarraren biloba da politiko demokrata eta zenbaitetan bisitatu izan du Euskal Herria, Ibarretxe lehendakariak Ajuria-Enean hartu izan duelarik eta lehendakariak berak Kaliforniara iazko otsailean eginiko bisitan Garamendik Sacramentoko Kapitolioan errezibitu zuelarik Lehendakaria.

Sacramento, Kalifornia, Estatu Batuak. Hilabete baino gutxiago falta denean D egunerako --hauteskunde bereziak irailaren lehenean egingo dira-- John Garamendi buru-belarri dabil kanpainan murgildua Ellen Tauscher-ek utzitako aulkia [Obama presidenteak emakume hau arma kontrolerako eta nazioarteko segurtasunerako estatu idazkaria izendatu baitzuen, berak onartu, Senatuak ekainaren 25ean berretsi, eserlekua utziz ondorioz] eskuratu nahian, urrats honek aukera berriak ekarriko dizkiolakoan, tartean nazio mailako proiekzioa bere ibilbidean ohikoak izan dituen gaiak defenditzen, hala nola herritar guztientzako aseguru-estalpen unibertsala eta hezkuntza eta ekologia arloko arazoak, kasu hauetako batzuetan Obama beraren eta Hillary Clinton estatu idazkariaren ildo beretsutik.

Bere kanpainako bulegotik adierazi zaigunaren arabera, egun Kaliforniako gobernadoreorde den Garamendik 10 puntuko aldea aterako lioke hurrengo hautagaiari, Mark DeSaulnier estatu senadoreari; eta 14koa bigarren ondokoari, Joan Buchanan estatu ganberako ordezkariari; nahiz eta geroztik alde hauek areagotu egin diren, 14ko aldea atereaz DeSaulnier-i, eta 16koa Buchanan-i.

John Garamendi joan den mendean Lekeitiotik Estatu Batuetako Utah-ra emigratu zuen Sam --Saturnino-- Garamendiren biloba da, Ray --Ramon-- haren semearen semea. Familia Ogden Utah-tik, Ely-Nevadara aldatu zen eta, azkenik, politikariaren aita Kaliforniako Calaveras konderrira ezkondu zen, egun Kaliforniako gobernadoreorde eta kongresukidegai dena bertan jaio zelarik.

-Informazio gehiago Garamendiz, bere webgunean: www.garamendi.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia