euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Garaiz zaude zure familiaren datuak sartu nahi badituzu Juan de Garay Fundazioaren 'Los Vascos en la Argentina' liburuan

2020/05/25

'Euskaldunak Argentinan, familiak eta protagonismoa' liburuaren 4. edizioa, 2011an argitaratuta
'Euskaldunak Argentinan, familiak eta protagonismoa' liburuaren 4. edizioa, 2011an argitaratuta

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Berrogeialdiak eta mugitzeko eta bulegora joateko debeku eta oztopoek ez dute lana erraztu, baina Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioak aurrera darrai 'Los Vascos en la Argentina, familias y protagonismo' (Euskaldunak Argentinan, familiak eta protagonismoa) liburuaren 5. edizioarekin. Laugarrena 2011ko abenduan salgai jarri eta 2012ko Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokan aurkeztu zen, arrakastatsu. Oraingo ediziorako, garaiz zaude zure familiaren datu berri edo zuzenketak bidali nahi badituzu.

Kronograma argi daukate proiektuko arduradun diren Eduardo Goyenechea eta Jorge Beramendik: testua azaroaren 30rako nahi dute itxi, ondoren abenduan oporren aurretik moldiztegian sartu eta plazaratu ahal izateko. Bosgarren edizioa liburu digital gisa argitaratuko dute, eta laugarren edizioaren bertsio digitalak ez bezala, eduki guztiak, luzapenak ere barne, bildu eta eskainiko ditu euskarri numerikoan. 

Bostgarren edizioan jadanik 24.000 abizen baino gehiago batu dituzte ikertzaileek. Instituzioak Euskal Herritik Argentinara etorri ziren familia gehienak liburuan agertzea eta abizen euskaldunen munduko bildumarik handiena sortzea du helburu, etorrerari eta garapenari buruzko dibulgazio zientifiko genealogikoari ekarpen zinez baliotsua eginez. 

Fundazioko ikertzaileen arabera, Argentinan euskal abizeneko 4,5 miloi biztanle badaude ere, oso jende gutxik daki zein den bere abizenaren jatorria, erdiak baino gutxiagok hain zuzen. Liburu hau, beraz, "ekarpen baliosa da diasporako abizen eta familia bakoitzaren jatorriari buruzko datuak ematen dituelako", baliagarria Euskal Herriarentzat ere, biltzen dituen abizen batzuk handik desagertuta egin baitziren.

Jakinmina duenak hemen begira dezake bere abizena dagoeneko erregistratuta dagoenentz. Aldi berean, bere familiaren informazioa eskaini nahi duenak edo dagoeneko dagoen informazio zehaztu,  fundacionjuandegaray@gmail.com helbidera idatz dezake eta bidali, gida moduan honako datuak erantsiz (punturen bat ezin baduzu bete, bete gainerakoak):

1. Abizena
2. Familian Argentinara etorri zen lehenengo pertsona: haren izen-abizenak, jaioterria eta jaioturtea, etorri zen urtea. Emenda daitezke gurasoen izenak, bidaiaren inguruabarrak eta arrazoiak.
3. Lehenengo argentinaratutako pertsonaz jakinarazi behar da: non finkatu zen, zertan egin zuen lan, norekin ezkondu zen, ezkongabe etorriz gero; edo emaztearen datuak, ezkonduta etorriz gero.
4. Ezkontza honetan izan zituzten seme-alabak gehitu behar dira: zein urtetan jaio ziren, non finkatu ziren eta zertan egin zuten lan, jardun publikorik edo ekonomikorik edo bestelakorik izan zuten. Eta horrela hurrenez hurren ondorengo guztiekin
5. Informazioa argazkiz lagun daiteke.
6. Argitaratzeko, bidalitako informazioa murriztu ahal izango da orri bat baino gehiago okupatzen badu; kasu horretan bertsio murriztua bidali egingo zaie beren onespena eman dezaten.

-Juan de Garay Fundazioaren webgunea: www.juandegaray.net
-Facebook: www.facebook.com/fva.juandegaray



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia