Valentzia, Espainia. Valentziako Laurak Bat Euskal Etxea eta Madrilgo Euskal Etxea dauzka antolatzaile Diasporako euskaldunentzako proposamen interesgarri honek. I. Euskarazko Podcast Lehiaketaren helburua, gero eta gehiago zabaltzen ari den formatu honetan euskarazko sormenak duen presentzia sustatu eta areagotzea da. Lanak ekainaren 10era arte aurkez daitezke, bakarka edo taldean eginikoak izan daitezke eta, jakina, originalak eta inon argitaratu gabeak behar dute izan.
Deialdiak bi kategoria bereizten ditu: batetik euskara ikasleak, euskalk etxeetan edo Etxepare Euskal Institutuak unibertsitatetan dituen irakurletzetan ari direnak; eta, bestetik, Euskal Herritik kanpo bizi diren eta hizkuntza normaltasunez erabiltzen duten euskaldunak. Podcastaren gaia librea da eta 5-15 minutu iraun ditzake. Lanak posta elektronikoz behar dira bidali gurelehiaketak@gmail.com helbidera, gaian “I. Euskarazko Podcast Lehiaketa” jarrita. Mezua barnean kategoria eta parte-hartzaileen datu pertsonalak zehaztuko dira, esan nahi baita izen-deiturak, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa.
Animatu eta parte hartu!
Madrilgo eta Valentziako Euskal Etxeetako irakasleek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu kategoria bakoitzeko lan irabazleak. Irabazleen izenak ekainaren 23an jakinaraziko dira, bi euskal etxeetan aldi berean egingo den sari-gala batean. Lehiaketak Etxepare Euskal Institutua izango du lankide, eta honek ekarriko ditu sariak, esan nahi baita euskarazko liburuak eta ikus-entzunezko material sorta. Podcast formatuak aukera ugari eskaintzen ditu lehiaketan baloratuko diren sormena eta originaltasuna jokoan jartzeko.
Informazio gehiago hemen.