Chacabuco, Argentina. Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxearen eskutik, hogei bat bidaiarik bisitatuko dute Euskal Herria aurtengo irailean. Datorren asteko ostegunean, martxoaren 6an, 21etan, bilera bat egingo dute Euskal Etxearen egoitzan, xehetasun gehiago eta antolaketaren nondik norakoak partekatzearren. Lehenengo topaketa informatiboa urtarrilean burutu zen, 17 lagun partaide, eta behin-behineko taldea osatu zen. Antolatzaileek EuskalKultura.eus-i jakinarazi diotenez, zazpigarren edizio honetarako aurreikusitako 20 pertsonako kopurua laster lortuko dutelakoan daude.
Ibilbideak barne izango ditu, dioskute, 4 gau baitaratuko ditu Bilbon, 7 Donostian eta beste 4 Londresen. Bilbon oinarri, Alde Zaharra, Guggenheim Museoa, San Mames estadioa eta Portugaleteko zubia bisitatuko dituzte. Handik joango dira Gernika, Bermeo eta Gaztelugatxera, baita Nafarroara ere, Baraibarko jaietan parte hartzearren. Gipuzkoan, Donostian hartuko dute ostatu, eta Orexa, Hondarribia eta Donostiako kostaldea bisitatuko dituzte. Gasteizen, Fournier Museora eta Lehendakaritzara joango dira. Nafarroara itzuliko dira Iruñea bisitatzeko eta, Iparraldean, Miarritze, Donibane Lohizune, Ezpeleta eta Azkainera joango dira. Bilboko ostatua hiru izarreko hotelean izango da, eta Gipuzkoakoa, apartamentuetan. Hegazkina eta garraioak oro ere barne dira, eta autobus bat taldearen eskura egongo da etengabe. Otorduak ez daude barne.
Whatsappez komunikatu
«Londres ere bisitatuko badugu ere, batez ere euskal kulturarako bidaia bat da», adierazi dio buletin honi ‘Guillermo Larregui’ Euskal Etxeko kide eta txangoaren koordinatzaile Pablo Pavesak. Taldea, gehienbat, Chacabucoko eta inguruko euskaldunen ondorengoek osatzen dute. Hala ere, San Nicolás, Los Toldos, Mar del Plata eta Cordobako bidaiariak ere batu dira. Bilera Chacabucoko Euskal Etxearen egoitzan (R. E. de San Martín 230) izango da. Bertaratu ezin duen inork informazioa jaso nahi izanez gero, Whatsappez 0236 – 4697267 zenbakira dei dezake argibide gehiago jasotzeko.