euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Garaipen sozialista atzoko hauteskundeetan Hego Euskal Herrian: PSOEk 11 diputatu, EAJk 6, PPk 5 eta Na-Baik 1

2008/03/10

Sozialistak garaile Euskal Herrian zein Espainian
Sozialistak garaile Euskal Herrian zein Espainian

PUBLIZITATEA

Garaipen sozialista nabaria atzo Hego Euskal Herrian Espainiako Gorteetara eginiko hauteskundeetan. Igoera argia izan zuen PSOEk, Hego Euskal Herrian gainerako beste guztiak adina diputatu atereaz eta, lehenengo aldiz, Bizkaian lehenengo indarra bihurtuz. EAk bere diputatu bakarra galdu zuen eta Nafarroa Baik bereari eutsi zion. Espainiako Estatuan oro har, PSOE irabazle PPri aurrea hartuz. Bi alderdi horien artean 350 diputatuetatik 322 batzen dituzte, bipartidismoa zinez indartuz, Izquierda Unida eta Esquerra Republicana bezalako alderdien porrota ekarriz. Iparraldean, berriz, gutxiengo diren zerrenda abertzaleek aurrerakadatxo bat izan zuten Frantzia mailan eginiko herri eta kantonamendu hauteskundeetan.
Datozen egunotan ohiko prentsak datu zehatzagoak emango baditu ere, segidan atzokoan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako biztanleek erabakitako emaitzen zenbaki nagusiak. Gogoan izan Espainiako Estatuak Parlamentua berritzen zuela atzo, eta atzo ere Frantziakoak herri eta kantonamendu hauteskundeen lehenengo itzulia deitua zuela. Lehenengo emaitzei dagokienez, Hego Euskal Herrian eta estatu mailako hauteskunde hauetan Alderdi Sozialista atera zen zalantzabako garaile, 11 diputatu eserleku lortu baitzituen, honela banaturik: Araban 2, Bizkaian 4, Gipuzkoan 3 eta Nafarroan 2.

Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ-PNV) sei diputatu aulki lortu zituen, honela banaturik: Araban 1, Bizkaian 3, Gipuzkoan 2 eta Nafarroan bat ere ez, kontutan hartu behar bada ere Nafarroan eserleku bat lortu duen 'Nafarroa Bai' koalizioko parte gisa aurkezten zela, Aralar, EA, Batzarre eta independenteekin batera.

PSOEk ia gainerako beste guztiek adina

PP-UPNri dagokienez, bost eserleku dagozkie, honela banaturik: Araban 1, Bizkaian 1, Gipuzkoan 1 eta Nafarroan 2. Azkenik, Nafarroa-Baik aurretik zeukan diputatu eserlekuari eusten dio eta, aldiz, EAk alderdia sortu zenetik Gipuzkoan zeukan diputatu bakarra galtzen du. Herrialdeka aztertzen badugu, sozialistak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehenengo indarra dira eta PP-UPN Nafarroakoa. Espainiako Kongresuan sartzea lortu ez dutenen artean, Ezker Batuak botoen %4,49a eskuratzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, EAk lortzen duen berbera, %4,49. Aralarrek %2,67 erdiesten du. UPyD-k, Rosa Diez bizkaitarraren alderdiak, %0,94 eskuratzen du, baina Diezek berak bere alderdiak lortzen duen eserleku bakarra lortu du, Madrilen.

Partaidetza zenbakiei dagokienez --Ezker Abertzale ofizialak abstentzio aktiboa deitua zuen-- Araban %70,28koa izan da (2004an %77,23koa izan zen), Bizkaian %67,5ekoa (2004an %75,83koa), Gipuzkoan %58,18koa (2004an 72,55koa) eta Nafarroan %73,25ekoa (2004an 76,22koa).

Tokiko eta Kantonamendu hauteskundeak Iparraldean

Iparraldean, herrietako eta kantonamenduetako hauteskundeak egin ziren atzo. Gogoratu, hauteskunde sistema frantsesa bi itzuliko sistema dela eta lehenengo itzulian indarren batek erabateko gehiengoa (bozken erdia gehi bat) eskuratzen badu bigarren itzulirik ez dagoela. Aldiz, inork ez badu kopuru hori eskuratzen, botorik gehien atera duten bi zerrendak pasatzen dira bigarren itzulira. Guk baino lan finagoa egin dutenez datu eta xehetasunen bilketan, kantonamenduko bozkei dagokienez [2008-03-11ean eguneratua], hona Berriak osatu duen euskal emaitzen taula. Hegoaldeko Gorteetarakoak ere biltzen ditu, beste hainbat xehetasun eta jakingarriz hornituta. Herrietako hauteskundeetako beste pdf hau Garari kendu diogu.


Lotura interesgarriak

Analisiak, hainbat kazetari eta azterlek eginak
Berria egunkariak bildutakoak

Gorteetarako Hauteskundeen segimendua
Berria egunkariaren eskutik

Hego eta Iparraldeko hauteskundeez
Argia aldizkariaren gune berezia

Bestelako medioak erdaraz:

'El PSE desbanca en Euskadi al PNV, que pierde 118.000 votos'
Noticias de Gipuzkoa-k argitara emana

'Triunfo irrefutable del PSE, que se impone en municipios abertzales'
Noticias de Gipuzkoa-k argitara emana

Españolistas, 890.000; abertzales, 620.000
Gara-k argitara emana

Espainiar Estatuko emaitzak: estatu, autonomia, probintzia, udal
El Diario Vasco-k argitara emana

La abstención crece 10 puntos en la CAV; en Navarra 4
Deia-k argitara emana

Aralar: 'Es hora para la reflexión de los soberanistas'
Deia-k argitara emana

Madrildik: 'El PSOE revalida su victoria'
El País-ek argitara emana

'Victoria de Zapatero ante un PP que resiste'
La Vanguardia-k argitara emana

Rosa Díez logra un escaño por Madrid
El País-ek argitara emana

Madrid: PSOE y PP juntos suman 322 de los 350 diputados
El Mundo-k argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia