euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Garai askotako dantzariak eta hainbat Iñaki bildu ziren La Platako Euzko Etxeak antolatutako elkarretaratzean

2012/10/15

Dantzari eta iñaki/Ignacio izenekoak omendu zituzten La Platako euskal etxeko lagunek (argazkiakEE)
Dantzari eta iñaki/Ignacio izenekoak omendu zituzten La Platako euskal etxeko lagunek (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

Oihartzun politeko bi ekimen batu zituzten La Platako Euzko Etxea Euskal Etxeko lagunek joan den irailaren 22an: dantzarien topaketa eta Iñaki Deuna festa. Proposamena arrakastatsua suertatu zen oso, eta gonbidatuek egoitzako Toki Alai aretoa bete zuten. Izan ere, dantzarien eta Iñaki izenekoen jaia izan arren, erakunde osoak hartu zuen parte ordu txikiak arte luzatu zen jaian, tartean, Zuzendari Batzordeko kideak, Evangelina Bertola zuzendari duen abesbatzak eta etxeko hockey taldeko neska eta gurasoek.

La Plata, Argentina. Iaz paregabe ateratako esperientziak bultzaturik, aurten ere antolatu du Dantzarien Topaketa Buenos Aires hiriburuko euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeak. Xedea -- "dantzari izan direnak betirako dira dantzari" ideiari jarraiki --, garai guztietako dantza taldeetako kideak biltzea izan zen, berriro elkartzeko, kontaktua ez galtzeko eta, nahi izanez gero, "abarkak jantzi eta pistara berriro ateratzeko", zergatik ez.

Horrekin batera, aurtengo topaketak gau berean Iñaki Deuna ospatzeko deia ere ekarri zuen. Kari horretara proiektatu ziren afalostean bideoz euskal etxeko dantzari ohien agurrak eta Iñaki izenekoenak. Zuzeneko musika ere egon zen. Etxeko abesbatzak, Evangelina Bertola zuzendari, euskal abesti batzuk interpretatu zituen, ‘Kanta gurekin’, ‘Nerea izango zen’, ‘Txakolin’, eta ‘Ai, ai, ai mutilak’, besteak beste.

Dantzarien topaketa eta San Ignacio La Platan 2012 01

[Dantza eta musika emankizunek alaitu zuten gaua (argazkiak EE)] 

Ikuskizunarekin jarraitzeko, dantzariek bereganatu zuten agertokia euren koreografiak aurkeztuz: ertainen taldeak ‘Makil dantza’ dantzatu zuen eta Zaharrak taldeak, ‘Jauzi’. Baina erakutsi ez ezik, irakatsi ere egin zuten Euzko Etxea-ko dantzariek eta erromeria osoan zehar animatu zuten publikoa pauso berriak ikastera.

Dantzarien topaketa eta San Ignacio La Platan 2012 02
[Pablo Fausto pilotaria eta Javier Clua euskal etxeko lehendakaria (argazkiaEE)]

Topaketaren baitan Euskal Herrian bizi den Pablo Fausto pilotari argentinarrak ‘Pala’ izenburuko liburua eskuratu zion euskal etxeko lehendakaria den Javier Clua-ri. Jesus Azurmendiren liburuak euskal kirol honi buruzko informazio interesgarria biltzen du eta hemendik aurrera Euzko Etxea-ko Matxin Burdin liburutegian ere kontsultatu ahal izango da.

Festaren antolatzaileek azpimarratu diote EuskalKultura.com-i euskal etxeko Hockey Taldeko neskengandik jasotako laguntza. “Afariko menu ederraz gozatu ondoren, nesken gurasoek prestatutako tartak eskaini genizkien gonbidatu guztiei. Eta neskek berek lagundu ziguten zerbitzatzen. Horren ostean berandu arte geratu ginen dantza egiten eta ondo pasatzen”, laburbildu dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia