euskal diaspora eta kultura
2011/10/14
PUBLIZITATEA
La Plata, Argentina. “Jaiaren izenarekin zalantzak izan genituen, jakin badakigu-eta dantzari izaten direnak betirako direla dantzari eta, beraz, 'dantzari ohiak' deitura ez zitzaigun erabat egokia iruditzen”, azaldu diote EuskalKultura.com-i festaren antolatzaileek. Hala ere, izena bigarren maila batera pasatu zen jendearen erantzun baiezkorra heltzen hasi zenean. “Garai guztietako dantzariak etorri ziren, tartean, euskal etxeak izan zuen lehenengo taldeko kideenak”, esan digute La Platako Euzko Etxea-tik.
Lehenengo Denak Bat dantzari taldea 50. hamarkadan estreinatu zen Buenos Aires probintziako euskal etxeak antolatutako ikuskizun eta erromeriatan; eta hasierako talde hartatik, festaratu ziren Elsa Letamendi, Milagros eta Maria del Carmen Sancho (Mar del Platatik propio etorrita azken hau), Mirentxu eta Carmentxu Sanchez Garciandia, Jose Maria 'Tito' Goicochea, Juan Antonio Landea soinujolea eta Martha Gimenez taldearen lehenengo zuzendaria; oroimen ederrak partekatu zituzten gaur egungo dantzariekin joan den irailaren 24ko jaian.
[Neskek ere erakutsi zuten euren trebetasuna. Haiei Arku dantza egitea egokitu zitzaien]
Topaketaren hasieran eta dantzarien ikur bezala, Bety Aramayo, Patricia Pulido, Mercedes Pastor Pulido, Judith Clua, Marta Cipriano eta Sonia del Amok egindako zapiak banatu ziren gonbidatuen artean; Martha Gimenez eta Iñaki Azcarate zuzendariek hartu zuten ongi etorri hitzak esateko ardura eta gau osoan zehar, Iñakitxu Aramayo Bilbao aurkezleak animatu zituen dantzariak gogoratzen zituzten koreografiak denen artean egiten.
Ekintza ugari gauzatu ziren Dantzarien Festan: euskal etxean garatzen ari diren proiektuen irudiak eta dantzarien argazki eta bideoak ikusi ahal izan ziren eta, nola ez, zuzeneko dantzak dantzatu ziren, zuzeneko musikarekin. Xabier Aramayo soinujoleak lagundurik, pieza anitz dantzatu zituzten topaketaren protagonistek, hala nola Fandango, Ezpata dantza, Ipurdi dantza, Zuberoako maskarada eta Arku dantza.
[Argazkiez baliaturik Denak Bat taldearen historia iruditan ikusi ahal izan zuten gonbidatuek]
Javier Clua euskal etxeko lehendakariak esker beroak eman zizkien jaira bertaratutako lagun guztiei Zuzendaritza Batzordearen gonbitea onetsi eta bultzatzeagatik eta festa, urteroko hitzordu bihurtzeko asmoa luzatu zion publikoari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus