Bertako Sarmiento Liburutegiak antolaturik, “Los Vascos de Gándara” (Gandarako Euskaldunak) bere liburua aurkeztu du Buenos Aires probintziako Chascomus hirian Cesar Arrondo irakasleak. Hainbat entzuleren aurrean, 2009. urtean hasitako ikerketaren emaitzak eta Gandara parajean euskaldunek izandako eragina kontatzen du izenburu aurkeztu berriak.
Chascomus, Argentina. La Platako Unibertsitate Nazionaleko (UNLP) irakasle eta ikerlari den Cesar Arrondok jende anitz bildu zuen Chascomuseko Sarmiento liburutegira, Gandarako Euskaldunak liburuaren aurkezpena kari, azaroaren 28an, tartean testuan agertzen diren hainbat elkarrizketatu eta orokorrean hiriko euskal etxeko kideak eta euskaldunen lagunak. Aurkezpenaren baitan liburuaren egileak azaldu zuen zerk bultzatu zuen testua idaztera eta nola ikertu zuen euskal jatorriko jende ugari jasotako Gandara parajearen gizartea, ekonomia, politika, erlijioa eta hezkuntza.
Liburutegiak antolatutako ekintza Fernando Pieske kazetariaren Gandara herrixkari buruzko dokumental batekin hasi zen. Horren ostean, Pieske-k berak aurkeztu zuen liburua. Amaieran liburuaren ale bana eskuratu zitzaizkien testigantza eman zuten elkarrizketatuei eta baita hiriko liburutegi eta ikerketa guneei ere.
Gogora dezagun Buenos Aires probintzia argentinarreko Chascomus partiduan dagoen Gandara parajea XIX. mendearen amaieran sortutako Unión Gandarense elkartearen sorleku eta egoitza izan zela, elkarte horretako sortzaile Fermín Peña, Juan Vértiz, Victoriano Iriarte, Juan Eder, Martín Vizcay, Pedro Heguiabehere, Pedro Jaurretche, Domingo Arrambide, Martín Garacotche, Juan Dorre, Ignacio Tolosa eta Miguel Sinconegui.
Oraingoz liburua, Sarmiento liburutegian bertan eros daiteke, astelehenetik ostiralera, 9etatik 11etara edo arratsaldeko ordu 2etatik 6etara.