Bilbo, Bizkaia. Pedro Oiarzabal aditua --bera ere Diasporan Euskal Herrian adina bizi izan dena-- munduko euskaldunak ari da aztertzen, geure Diaspora eta EH bera hobeto ezagutzearren eta interes bizia dauka Diasporako gazteen erantzunarekin bere galderari: Zergatik eutsi nahi diozu euskaltasunari? Agian zeure familian, batzuk gogor eutsi diote eta beste batzuk ez, baina zeuk argi duzu euskaldun izatea eta sentitzea garrantzitsua dela zuretzat. Zergatik?, galdetu zuen Oiarzabalek urtarril hasieran. Eta galdetzen segitzen du. Eta, benetan, zure erantzuna, pertsonala, nahi luke.
Gazteen iritzia eskuratzea oso garrantzitsua dela diosku, zeure ikuskera, zer pentsatzen duzun jakitea, zergatik geografikoki Euskal Herritik urrun bazaude inportantea den zuretzat zure euskaltasuna lantzea, euskal kulturarekin edo Euskal Herriarekin kontaktuan segitzea edota sentimentu atxiki eta hori zure ondokoei pasatzea.
Zergatik zara euskaldun, zergatik segitzen duzu euskaldun, zergatik eutsi nahi diozu euskalduna --zentzurik zabalenean-- izateari? Zer ekartzen dizu?
Erantzunak --luzea ala laburra, ez du axola, baina egiazki pentsatzen duzuna esanez-- datorren igande aurretik mesedez, info@euskalkultura.com helbidera bidaliz,
Eskerrik asko aldez aurretik.