La Plata, Argentina. Galder González Larrañaga euskal wikilaria, Wikimedia Argentinak eta La Platako Unibertsitate Nazionalak antolatutako Wecudi Biltzarrean (Wikimedia, Hezkuntza eta Kultura Digitalak Nazioarteko Lehen Biltzarra) parte hartzera gonbidatu zuten. Bidaia baliatuz, La Platako Euzko Etxean izan zen eta bertako lehendakari Javier Clúarekin, sareen arduradun Maria Candela Airesekin eta Matxin Burdin Liburutegiko zuzendari Susana Arambururekin elkarrizketatu.
Galder González EWKE - Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen sortzaileetako bat da, 2016an sortua euskarazko Wikipedia sustatzea xede. La Platako Biltzarrean EWKEtik garatzen ari diren euskarazko hezkuntza proiektua azaltzeko aukera izan zuen.
“EWKEren hezkuntza proiektuaren helburua da ikasleek gehien behar dituzten gaiak euskaraz ondo egotea Wikipedian, eta bide horretan unibertsitateko milaka ikasleri azaldu diegu nola funtzionatzen duen Wikipediak, euren irakasleen bitartez artikulu horiek hobetzeko”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i euskal dibulgatzaileak. Horretaz gain, Txikipedia proiektua ere aurkeztu du, esan nahi baita umeentzako entziklopedia bat Wikipedia barnean, beste inongo hizkuntzak landu ez duen proiektua, eta baita Ikusgela proiektua ere, sarean hedatuko diren bideo pedagogiko libreak sortzeko, Wikipediako artikuluak ere hobetuko dituztenak.
Wikipedia eta euskal diaspora
Euskal etxeek garatzen dituzten ekimenak dokumentatu ohi dira, baina “garrantzitsua da lan hori guztia bistaraztea, beste inork ez duelako egingo, eta memoria galtzen delako. Horiek libre igotzea Wikimedia Commonsera bezalako proiektuetan funtsezkoa da, etorkizunean ere ikertzeko aukera egon dadin, eta Wikipediako artikuluak sortu eta hobetu ahal izateko. Edukirik gabe, ezinezkoa da hori lantzea”, azpimarratu dio gure buletinari wikilari bizkaitarrak.
Euzko Etxeko ordezkariekin izandako bileran, euskal diasporak Wikipedian duen presentziaz hitz egiteko aukera izan zuen. Gonzalez Larrañagaren hitzetan, “oro har, oso presentzia txikia dago, informazioa lortzea zaila da eta, beste komunitate batzuekin alderatuta, oso gutxi da irakurgai dagoena”. Izan ere, datozen hilabeteetan proiektu bateratu batean aurrera egiteko aukera aztertu zuten.