Saladillo, Argentina. Saladilloko 135 zenbakidun Prestakuntza Tekniko Goi Mailako Institutuarekin sinatutako tratu baten ondorioz, herriko Itxaropen Euskal Etxeak sukaldaritzaren inguruko topaketa ziklo bat burutuko du. Zerbitzu gastronomiko karrerako ikasleek hiru afari prestatuko dituzte gaika, irakasle bat ikuskari. Lehenengo topaketa uztailaren 12an izango da eta euskal jaki tradizional plater bat eskainiko dute. Euskal Etxeko dantza taldeak, berriz, Micaela Gaggiotti zuzendari, saioa bere emanaldi batekin edertuko du.
Aurretik, maiatzaren 21ean, 135 zenbakidun PTG Institutu 135.eko ikastaldeak Itxaropen Euskal Etxearen egoitza bisitatu zuen, laster hasiko baitituzte bertan lanbide aurreko praktikak. Harrera, elkarteko lehendakari Oscar Marcok eta zuzendaritza batzordekide Nora Idoetak eta Guadalupe Arocenak harrera egin zieten. Azken hau, sukaldariburu, Institutuko irakasle eta zikloko koordinatzailea da. Ikasleek instalazioak ezagutu eta euskal kultura, historia, geografia eta ohiturei buruzko ikuspegi orokor bat jaso zuten. Irailean eta azaroan honelako beste bi saio egingo dira, eta horietan kultura eta sukaldaritza arabiarra eta argentinarra jorratuko dituzte.
Dantzari taldearen hurrengo emanaldiak
Argentinan aberri-data den Maiatzaren 25erakin bat eginez, bestalde, Itxaropeneko dantzari taldeak dilista gisatu bat prestatu zuen eta iragarri eta elkartearen egoitzan salgai jarri zuen. Bildutako dirua dantzarien jantziak berritzeko erabiliko dute; izan ere, uztailaren 12ko emanaldian, sukaldaritza zikloaren lehenengo topaketaren baitan.
Horrez gain, udalerriko ekitaldi formaletan, gonbidatzen dituzten herriko gainerako taldeen bileretan eta, irailean, dagoeneko antolatzen hasia den Immigranteen Jaialdian parte hartzeko asmoa dute. Hala ere, eta gogorik falta ez zaien arren, «Gastuengatik ez dakigu 2024ko Euskal Aste Nazionalera joan ahal izango garen. Zaila ikusten dut, distantzia handia baitugu haraino, eta bidaia garestia baita oso», aitortu dio EuskalKultura.eus-i Itxaropeneko lehendakari ohi eta egungo batzordekide Nora Idoetak. Baina EEaren izenari ohore eginez, eta itxaropena sekula galdu behar ez dela diotenez, aipatutako afari sortak etekin ekonomikoa ekarriko dienez, horrek lagunduko dielakoan ez dute erabat baztertu azaroan Bahía Blancan egingo den hitzordu garrantzitsu horretara joan ahal izatea.