euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gabriela Cabezón Cámara argentinarrak Katalina de Erausoz idatzi eleberri batek 2024ko 'Sor Juana Inés' saria irabazi du

2024/11/19

Euskarazko pasarteak dituen Cabezon Camararen eleberriak 'Sor Juana Inés de la Cruz' saria 2024 irabazi du
Euskarazko pasarteak dituen Cabezon Camararen eleberriak 'Sor Juana Inés de la Cruz' saria 2024 irabazi du

PUBLIZITATEA

Guadalajara, Mexiko. Katalina Erauso euskalduna protagonista duen Gabriela Cabezón Cámara idazle argentinarraren Las niñas del naranjel eleberriak 'Sor Juana Inés de la Cruz' Saria bereganatu du. Gogora dezagun sari honek gaztelaniaz idazten duten Latinoamerikako eta Karibeko emakume idazleen lanak saritzen dituela urtero 1993tik hona. Idazle argentinarrak abenduaren 4an eskuratuko du saria, Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokaren baitan.

Saria Guadalajarako Liburu Azokaren baitan jasoko du. Azokak Katixa Agirre, Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe izango ditu gonbidatu besteak beste

Random House argitaletxeak 2023an kaleratutako Las niñas del naranjel, ‘Monja Alfereza’ ezizenarekin ezagunagoa izan zen Katalina Erausoren bizitzan sakontzen du. Izebari idazten dizkion gutun batzuen bitartez, Erausok (Donostia, 1592 - Mexiko,1650) bere bizipenak kontatzen ditu: hamabost urterekin Donostiako komentutik nola ihes egin zuen; gizon itxuraz jantzita, Amerikako Konkistan nola hartu zuen parte; eta Antonio de Erauso izenarekin Misionesko oihanean bere azken egunak nola pasa zituen.

Katalina Erausoren bizitzaz eskaintzen duen ikuspegi berritzaileaz gain aipagarria da baita ere nobelaren hizkuntza aberastasuna. Izan ere, Urrezko Mendeko gaztelania, guaraniera eta euskara biltzen ditu idazle argentinarrak bere lanean. Euskarari dagokionez, Eider Rodriguez idazle errenteriarrak lagundu zion argentinarrari euskarazko pasarteekin.

Gabriela Cabezón Cámarak, aurten azaroaren 30etik abenduaren 8ra garatuko den Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan jasoko du saria. Esan dezagun, bestalde, datorren asteko larunbatean estreinatuko den 2024ko edizioan euskal literaturak leku berezia izango duela Azokan. Gonbidatuen artean egongo dira Katixa Agirre, Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe idazleak. Azokari buruzko informazio gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia