Gabriel Arestiren "Harri eta herri" poema-liburuak 50 urte bete dituela eta, Berlingo Euskal Etxeak poeta bilbotarraren lana ekarri nahi izan zuen gogora aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunetan. Arestiren poemak Bertold Brecht alemaniarraren olerkiekin tartekatuta irakurri zituzten Berlingo Werkstatt der Kulturen kultur-etxean egin zen ekitaldian. Alemanez Christine Paasch-ek irakurri zuen eta euskaraz Garazi Ugaldek.
Berlin, Alemania. Iragan abenduaren 6an ospatu zuen Berlin Euskal Etxeak Euskararen Nazioarteko Eguna, Berlingo Werkstatt der Kulturen kultura-etxean egin zen jarduera batekin. Ospakizunetara pozik bildu ziren Berlingo euskaltzaleak, izan ere Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera bazuten ospakizunetarako bestelako arrazoirik ere: aste horretan bertan jakin zuten Berlingo elkarteak jaso zuela Eusko Ikaskuntzaren 2014ko ENE Saria, euskara sustatzeko lanetan egin duen ahaleginarengatik.
Berlindar euskaltzaleek Gabriel Aresti idazlea ekarri nahi izan zuten gogora, "Harri eta herri" poema-liburuak 50 urte bete dituela eta. Ekitaldiaren sarrera gisa, Arestik eta haren lanak euskal letretan utzi zuten arrastoaz aritu ziren, bai eta idazle euskaldunaren eta Bertold Brecht poeta alemanaren arteko loturari buruz ere. Jarraian, "Harri eta herri" laneko poemak Brechten poemekin tartekatuta entzuteko eta irakurtzeko parada izan zuten bertaratutakoek.
Brechten poemak Mikel Laboaren ahotsean egin zaizkigu ezagun, batik bat, euskaraz; Aresti, berriz, azken urteotan agertu da alemanez sarean. Liburu formatuan, "Brecht-Aresti Poema hautatuak- Ausgewählte Gedichte" antologian ditu irakurleak bi idazleen poemak elebitan eskuragarri.
Ekitaldia Leipzig, Berlin eta Frankfurteko lektoreek antolatu zuten eta harrera bikaina izan zuenez, elkartea errrepikatzekotan gelditu zen. Alemanez Christine Paasch aritu zen hizlari eta euskaraz Garazi Ugalde.