euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gabonen ostean, Vancouver-eko euskal etxe txiki baina biziak 2011ko ekimen sorta prestatzen dihardu

2011/01/28

Olentzero Vancouver-eko Euskal Etxeko mutiko batekin (argazkia VancouverEE)
Olentzero Vancouver-eko Euskal Etxeko mutiko batekin (argazkia VancouverEE)

PUBLIZITATEA

Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxeko kideak datorren hilean bilduko dira 2011ko jarduera egutegia adosteko. Euren helburua, urtero legez, elkartearen bidez Kanadako Pazifikoko kostako euskaldunei topagunea eskaintzea izango dute. Euskal etxe txikia da kanadarra, Elena Sommer presidentak onartzen duenez, eta sarri Seattle-go Euskal Etxearekin indarrak batzen dituzte ekimenak antolatzeko. Zazpiak Batek Gabon afari batekin itxi zuen iazko urtealdia, Olentzero euskal-kanadarra eta guzti.

Vancouver, Kanada. Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxeko kideak otsailean bilduko dira, Gabonetako jai eta mugimenduaren ostean, 2011ko ekitaldi egitaraua adosteko. "Txakur eta katuak ere zenbatuz, 100 kide inguru baino ez gara, baina sarri biltzen saiatzen gara", azaltzen du irripartsu elkarteko presidentak, Elena Sommer San Emeteriok.

Euskal elkarteak ez du egoitza propiorik, baina hainbat jarduera egiteko areto bat alokatu ohi du. Azken ekitaldia, joan den abenduan egin zuten Gabon jaia izan zen. Elkarteko txikientzako eta euren gurasoentzako urteko jairik ederrenetakoa da, eta aurten ere, bertan izan zen Olentzero, gaztetxoen artean opariak banatzen.

 Olentzero en Vancouver 2010 (3)

 [Olentzeroren etorrerak pozez bete zituen elkarteko txikiak, are gehiago opariak banatzen hasi zenean (argazkia VancouverEE)]

Olentzero en Vancouver 2010 (1)

[Olentzerok magalean hartu zituen elkarteko haurtxoak (argazkia VancouverEE)]

San Sebastian jairik gabe

"Distantziak, Ipar Amerika osoan bezala, handiak dira eta bazkideak nahiko sakabanatuta gaude, baina hala ere 30 edo 50 bat biltzen gara beti jardueratara", azaltzen du presidenteak. "Aberri Eguna, San Fermin, Andra Mari eta Olentzero dira gure jai nagusiak. San Sebastian Eguna eta danborrada jaia antolatzen saiatu naiz behin baino gehiagotan baina ez dut sekula lortu... elkarteko kide gehienak bizkaitarrak dira, eta gainera, urtarrilean eguraldia nahiko desatsegina izaten da gauez ateratzeko", dio umoretsu.

Udaran bilera guztiak parkeetan egiten dituzte, eguraldi on eskas hori gogotik profitatzeko. "Tenisean jokatzen dugu, igerlekura joaten gara, igel-tokan jokatzen dugu... Bai, bai, fitxak jaten dituen igela... Ez dakit Euskal Herrian oraindik jokatzen duzuen, baina hemen bai. Bazkide baten erlikia bat da, baina umeek asko atsegin dute... eta nagusiok eurek belarretan galtzen dituzten fitxen bila ibili behar dugu beti", aipatzen du.

Olentzero en Vancouver 2010 (4)

[Zazpiak Baten Gabon jaiak elkarteko kide asko bildu zituen (argazkia VancouverEE)]

Olentzero en Vancouver 2010 (5)

[Gazte zein nagusiek jaiaz gozatu zuten (argazkia VancouverEE)]

Txangoak eta kontzertuak

Elkartearen jarduera kuttunetako bat urtero ekainean egiten duten txangoa da: Vancouver-etik hiru ordutara dagoen landetxe bat alokatu eta bertan igarotzen dute asteburua. Leku horretan, gainera, elkartearen beste ekitaldietara joaterik ez duten Nafarroako eta Iparraldeko hainbat euskal familia bizi dira eta, noski, gustura egiten dute bat.

"Han ez dugu atsedenik, parranda etengabea da. Nazioarteko Mus Txapelketarako sailkapen lehia egiten dugu, eta gauez izarren azpian dantza egiten dugu, ardiak lekuko direla... 80 bat lagun biltzen gara, arkume errekia egiten dugu, erromeria...", azaltzen du Sommer-ek.

Olentzero en Vancouver 2010 (2)

[Olentzero euskal etxe kanadarreko ume batzuekin (argazkia VancouverEE)]

Elkarteak harreman estua du Seattle-go Euskal Etxearekin, Vancouverretik gertu baitago. "Urtean zehar NABOrekin ere harremanetan gaude, kide baikara, eta AEBetako bileretara joaten gara", gehitzen du Elena Sommer-ek. Horrez gain, "urtero saiatzen gara euskal artistaren bat ekartzen hona eta kontzerturen bat antolatzen dugu. Aurreko urteetan Maskarada taldeak 'Picasso 1937' antzezlana aurkeztu zuen eta kontzertuak eman zituzten Juan Mari Beltranek eta bere taldeak, Maddi Oihenart kantariak eta AEBetako euskal etxeetako talderen batek", aipatzen du.

Azkenik, Elena Sommer-ek inguru hauetan bizi eta euskal kulturan interesa dutenei Zazpirak Bat-ekin harremanetan jartzeko gonbitea egiten die.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia