Donostia-San Sebastian. Euskaraz egiten dugunok ondo dakigu zein polita den euskaraz entzutea edo mezuak euskaraz jasotzea, batez ere inguru normala erdalduna denean, are gehiago euskara hori Euskal Herritik kanpo bizi edo jaio den euskaldun baten ahotik/eskutik badatorkigu. Zergatik ez, orduan, aurtengo Gabonetako agurrak euskaraz bidali? Hemen aipatuko ditugunak ez dira laguntza absolutuak, baina baliabide lagungarriak izan dakizkioke hizkuntza menperatu ez eta testu labur bat euskaraz bidali nahi dion lagunari. Itzultzaile automatikook doan erabil daitezke ordenadoretik edo telefonora jaitsita. Pasaiozu informazioa Eguberrietako postalak euskaraz bidali nahi dituen lagun horri!
Elhuyar Fundazioaren itzultzaile automatikoak Itzultzailea du izena eta euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelaniaren arteko itzulpenak egiten ditu. Erabiltzaile-interfazea euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz dago.
Itzultzaile automatikoen arteko beste aukera on bat Itzuli izenekoa da. Honetan ere hizkuntzak euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelania dira baina frantseseko eta ingeleseko bertsioak ‘Beta’ dira. Ordenadorean erabiltzekotan, erabiltzaile-interfazea gaztelaniaz eta euskaraz dago. Telefonoko aplikazioa erabiliz gero, konfigurazioa euskaraz, frantsesez, ingelesez eta gaztelaniaz egin daiteke.
Batua Beta bertsioan dago oraindik eta interfazea euskara hutsean dago. Honek ez du gailuetara jaisteko aplikaziorik.
Gure zerrendatik ezin dugu Google-ren itzultzailea kanpoan utzi. Izan ere, besteak bezala, honek ere itzulpen automatiko neuronalen teknologia erabiltzen du eta gero eta emaitza hobeak ematen ditu.
Telefonoetan erabiltzeko propio diseinatutako aplikazioen artean Español-Vasco Traductor itzultzailea behar da aipatu. Google-rekin daukan lotura bati esker, gainera, audioak ere itzultzen ditu honek.
hauek guztiak tresna politak izan daitezke urtean zehar baliatzeko edo 2020ko Gabonetako postalak euskaraz idazten laguntzeko. Eta ederra izango litzateke urtea gure asmo onak euskaraz adieraziz bukatzea. Itzultzaileek, hala ere, euren mugak dituzte eta ezerk ez ditu euskara klaseak ordezkatzen… Zergatik ez hasi 2021 urtea euskara ikasten/hobetzen? Etxepare Euskal Institutuari esker aukera ugari daude euskal etxeetan eta unibertsitateetan. Informazioa nahi baduzu, jo hona: Euskara ikasi.