euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gabon Gauerako hiru egun falta diren arren, Olentzero lanean hasi da jada munduko euskal etxeetan (argazkiak)

2010/12/21

Sydneyen udara da eta Olentzerok bero galanta pasa zuen bere neguko arropekin (argazkia SydneyEE)
Sydneyen udara da eta Olentzerok bero galanta pasa zuen bere neguko arropekin (argazkia SydneyEE)

PUBLIZITATEA

Munduko bazter batetik bestera dabil egunotan Olentzero, Europako, Ipar eta Hego Amerikako eta Australiako hainbat euskal etxeetako haurren deiari erantzunez. Euskal Herritik urrun hazi arren, haur hauen gurasoek Olentzero ezagutzeko aukera eman nahi diete eta ilusio bereziarekin prestatzen dituzte Gabonetako festak euskal etxeetan. Murtzian (Espainia), Londresen (Ingalaterran), Sydneyn (Australia), Washingtonen (AEB) zein Mar del Platan (Argentinan) neska-mutilek emozio, nerbio eta zoramen berarekin bizi izan dute Olentzeroren etorrera.

Donostia-San Sebastian. Munduko hainbat euskal etxeetatik Olentzeroren bisitaren berri ari gara jasotzen Gabon Gaua heldu aurretik ere pertsonaia mitologikoak sobera lan egin duenaren seinale. Argentinatik, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxetik, adibidez, abenduaren 4ean egin zuten jaieko argazkia bidali digute: Olentzero opariak banatzen elkarteko umeen artean. Euskal Etxeak Euskararen Astearen barruan ospatu zituen Olentzeroren festa eta urte bukaerako jaia. Horren ostean, hego hemisferioko euskal elkarte asko bezala, udako oporretaz gozatzen ari dira Mar del Platako euskaldunak. 

 olentzero Mar del Plata 2010

[Artaburu Euskaltzale Elkarteak antolatu zuen Euskararen Astean egin zen Olentzeroren jaia Mar del Platan (argazkia MardelPlataEE)]

Argentinako uda utzi eta Londreseko negu gorrian ere ibili da Olentzero. London Basque Society elkarteak abenduaren 11an egin zuen Gabonetako jaia eta lagun koadrila polita bildu zen Oxford House egoitzako aretoa nagusira. Bertan bazkari goxoa egin ostean Olentzerok opariak banatu zituen elkarteko txikien artean eta ondoren musika eta kantuan aritu ziren Londreseko euskaldunak. Bazkariarekin batera 'XXI. mendeko euskaldunak' izeneko erakusketa inauguratu zuten elkarteko Oxford Gallery aretoan. Eta badakigu Londreseko euskaldunak erakusketaren bigarren zatiko izarrak izango direla (datozen egunetan emango dugu honen berri).

olentzero london 2010

[Londresen, Oxford Houseko areto nagusian bazkaltzen Olentzeroren bisitaren zain (argazkia LondresEE)]

Egun berean Washingtonen ere ospatu zen Olentzero jaia, eta AEBetako hiriburuko euskaldunek urtero bezala bazkaria egin zuten eta seme-alabek ikazkinaren bisita jaso zuten. Elkarteko Jurdana Izagirrek azaldu digunez, umeek Olentzerori abestu zioten lehenik eta gero, nerbio eta algara artean agertu zenean, opariak jaso eta berarekin hitz egiteko aukera izan zuten. 

 olentzero washington 2010

[Olentzero opariak banatzen Washingtoneko Euskal Etxeko umeen artean (argazkia WashingtonEE)]

Sydneyn, Australian, ere ibili zen Olentzero. Abenduaren 12an Sydneyko euskaldunek urtero legez Gabonetako piknika egin zuten Centennial Park-en, Australiako uda giroaz gozatzeko, eta bertan agertu zen Olentzero. Umeen artean opariak banatu ostean trikitixaren musikarekin dantzan eta kantuan aritu ziren elkarteko haur eta kideak.

olentzero sydney 2010
[Sydneyko Centennial Park-en trikitixa eta guzti egin zioten ongi etorria Olentzerori (argazkia SydneyEE)]

 

Azkenik, Murtziako Euskal Etxetik ere, Espainiatik, heldu zaigu Olentzeroren bisitaren berri. Euskal elkarteak abenduaren 19an egin zuen bere Gabonetako afaria, babarrun jana, eta bertan agertu zen Olentzero, txikien artean opariak banatzeko.

olentzero murtzia 2010

[Umeek adina gozatu zuen Murtziako Olentzerok opariak banatzen (argazkia MurtziaEE)]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia