euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Futbolak batzen gaitu, Euskal Liga bat irudikatuz" ekitaldiak berrehun neska-mutil bildu zituen Salton, Uruguain

2024/10/21

‘Futbolak batzen gaitu, Euskal Liga bat irudikatuz’ ekitaldiaren 7. edizioa
‘Futbolak batzen gaitu, Euskal Liga bat irudikatuz’ ekitaldiaren 7. edizioa

PUBLIZITATEA

Salto, Uruguai. 'Saltoko Euskaldunen Taldea' elkartea erritmo bizian ari da lanean 2024an. Duela gutxi beren lokal berritua inauguratu zuten eta asteburu berean Uruguaiko Ondarearen Eguna ospatu. Joan den ostegunean, urriaren 17an, umeei begirako ekitaldi bat da antolatu zuten. Izan ere, "Futbolak batzen gaitu, Euskal Liga bat irudikatuz" izeneko ekitaldiaren 7. edizioak berrehun bat neska-mutil bildu zituen, Saltoko 2, 81 eta 105 zenbakiko eskoletako 5. eta 6. mailako ikasleen artean, Kirolen Plaza Polikiroldegian.

“Txapelketa izan arren, ekitaldiaren helburu nagusia ez da lehia, kirola sustatzea baizik, eta integrazioa bultzatzea, baita euskal kultura ere, Euskal Herria eta herri kirolak ezagutaraztea”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Luis Zaldua euskal etxe saltotarreko lehendakariak . “Ezer gutxi daki jendeak euskal herri kirolez; ez dakite, adibidez, soka-tira tradizio handikoa dela Euskal Herrian eta euskal etorkinek ekarri zutela lur hauetara”.


Saltoko eskoletako neska-mutilak sokatiran


Anali Moreale Olaizola eskoletako beste ordezkari batzuekin 

“Datu bitxi hauek oso egokiak dira ikasleen artean jakin-mina pizteko; ikasleek, ekitaldira etorri aurretik galdera dezente egiten dizkiete irakasleei. Galderaz galdera Euskal Herria zer den eta non dagoen ikasten eta 'identifikatzen' hasten dira eta batzuen kasuan euren abizenek euskal jatorria dutela ere ohartzen hasten dira. Hori guretzat oso pozgarria eta garrantzitsua da, eta besteak beste interes horretatik bideratzen dira batzuk gure ekimenak hobeto ezagutu eta gure elkartean parte hartzera”.

Euskal Etxeko kideek euskal kulturari buruzko hitzaldi labur bat eskaini zieten bildutako txiki eta maisu-maistrei, eta egunari amaiera emateko, parte hartutako eskolei Euskal Herriari buruzko materiala eta lan tresnak oparitu zizkieten. “Baliatu nahi nuke aukera azpimarratzeko gure idazkaria den Anali Moreale Olaizolaren lana, ezinbestekoa ekitaldia egin ahal izateko. Bera irakaslea ere bada eta lokarri lana egiten du Euskal Etxearen eta eskolen artean. Ekimenhonek, bestalde, lotu egiten gaitu herriko gainerako erakundeekin”, azpimarratu du lehendakariak.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia