Euskal pilota jokoa munduan zehar ezagutaraztea omen zen “Fronton” bideojokoaren helburua, eta bide horretan bikain ari dela esan daiteke, dagoeneko 200.000 deskargatik gora izan baititu. Bainet ekoiztetxeak sortu zuen aplikazioa, eta Bizkaiko Pulsar Concept estudioa izan zen garapenaren arduraduna. Jolasa doakoa da eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez erabil daiteke. “Fronton”-en sartzen denak Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea edo Mikel Urrutikoetxea bezalako jokalariak aukera ditzake eta frontoi ezagunetan jokatu. Denbora pasa ederra Mexikoko Munduko Pilota Txapelketako emaitzen zain gauden bitartean (igandean amaituko da, eta astelehenean emango dugu hango berri).
Bilbao, Bizkaia. Fronton bideojokoa arrakasta itzela ari da izaten sarean eta dagoeneko 200.000 aldiz jaitsi dute erabiltzaileek Android eta iOS nugikorretara. Bideojokoa doanik eskura daiteke, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez, App Store eta Google Play dendetan, munduko edozein bazterretik. Izan ere, horixe izan zen Baineten asmoa bideojokoa sortzean: “euskal kulturarekin lotutako kirol honi zabalkundea ematea, Euskadiko mugen gainetik jauzi eginez”.
Iragan otsailean aurkeztu zen bideojokoa eta hilabete honetan bigarren bertsio bat plazaratu da, erabiltzaileen iruzkin eta iradokizunei kasu eginez hobetutakoa.
Aimar, Juan, Oinatz…
Jokalariak Aspe eta Asegarceko hamar pelotariren artean aukera dezake: Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea, Mikel Urrutikoetxea, Mikel Beroiz, Jon Ander Albisu, Juan Martínez de Irujo, Yves Xala, Jon Jaunarena, Abel Barriola eta David Merino. Bakoitzak ezaugarri bereziak ditu: indarra, teknika eta .
Tokia ere aukera daiteke, zazpi frontoi mitikoen artean: Ogeta (Gasteiz), Labrit (Iruñea), Bizkaia (Bilbo), Vall d'Hebron (Bartzelona), Adarraga (Logroño), Atano III (Donostia) eta Biarritze (Lapurdi). Azkenik, partidak banaka edo binaka jokatu daitezke, hiru mailatan --erraza, ertaina eta zaila—eta 5, 10 edo 22ra.