euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Frontoitik kalera' atera da Boiseko 'Amuma Says No' talde euskal amerikarra bere lehen lanarekin

2008/10/10

Amuma Says No taldearen lehen CDa, 'Frontoitik kalera'
Amuma Says No taldearen lehen CDa, 'Frontoitik kalera'

PUBLIZITATEA

Amuma Says No taldeak bere lehen CDa atera berri du, 'Frontoitik kalera' izenburupean. Aurkezpen lan honetan Boiseko taldeak euren euskal estilo pertsonala erakusten duten zortzi kantu biltzen ditu. Taldea Boiseko euskal komunitateko aurpegi ezagunek osatzen dute: Dan Ansotegui (trikitixa), Sean Aucutt (panderoa), Jill Aldape (ahotsa), Spencer Basterretchea Martin (perkusioa), Dave Manion (gitarra) eta Erik Snodgrass (baxua). "Euskal rocka eta Ameriketako rock/pop/country-a nahasten ditugu, euskal folk pittin bat gehituz gure estilo berezia lortu arte", azaldu dio Basterrecheak EuskalKultura.com-i. Taldeak hamaika kontzertu eman ditu aurtengo udaran AEBetako Oesteko euskal festetan eta bihar Texasen izango dira, San Antonio International Accordion Festival jaialdian. Hurrengo geltokia, Euskal Herria? "Aukera sortzen bada, pozik joango ginake!", dio Basterrecheak.

Boise, Idaho, AEB. 'Frontoitik kalera' da Amuma Says No talde boisetarraren lehen CDaren izenburua. Izan ere, taldeak Boiseko frontoiaren ondoan dagoen lokal batean entsaiatzen du, eta, bai, udara honetan errepidean jo eta su ibili dira Oesteko hamaika euskal jaietan kontzertuak ematen. Euskal rocka eta musika tradizionala Ameriketako soinu garaikideekin nahasten dituzte eta AEBetako euskal Diasporaren talde gustukoenetako bat bilakatu dira. Aurkezpen lan honekin euren euskal musika berezi hau entzulego zabalago batengana helaraztea dute helburu. EuskalKultura.com-ek taldeko bateriajolea, Spencer Basterrechea Martin, elkarrizketatu du.

-Noiz sortu zen taldea? Boiseko euskal komunitatearen baitan ezagutu zenuten elkar?

Amuma Says No 2006. urte bukaeran sortu zen. Dan Ansotegui (trikitixa) eta Sean Aucutt (panderoa) komunitate honetako kideak izan dira hainbat urtetan. Boise Oinkari Basque Dancers taldeko dantzariak izan ziren biak eta gainera Oestean zehar euskal folk talde askotan jo izan dute elkarrekin. 2001ean Txantxangorriak taldea sortu zuten, haurrei trikitixa eta panderoa jotzen erakusteko. Biak Jill Aldape kantariaren lagunak ziren haurtzarotik. Jill Oinkarien dantza irakaslea zen orduan. Hiruak Euskal Herrian bizi izandakoak dira eta harreman oso estua dute. Nire ustez, Boiseko euskal komunitatearen bihotzaren erritmoa dira nolabait.

Nik bateria jo izan dut urtetan Carnival eta Crystal itsas-bidai konpainietan. 2005ean Boisera bizitzera etorri nintzen. Amuma Says No -Spencer BasterrecheaEuskaldun jatorriduna naiz, baina ordurarte ez nintzen sekula euskaldun asko zeuden inguru batean bizi izan, eta zeharo harrituta gelditu nintzen Boiseko euskal komunitatearen indarra ikusi nuenean. Euskal musikari buruz gehiago jakin nahi izan nuen eta hirian bateriajolea behar zuen talderik ba ote zegoen galdezka ibili nintzen. Eta Dan, Sean eta Jillengana joateko esan zidaten. Denak batu eta elkarrekin jo genuen pare bat aldiz, eta egia esan, hain gustura ibili ginen, Boiseko Urteroko Dantzaldirako kanta batzuk prestatzea erabaki genuela. Dantzaldian harrera ezinhobea izan genuen eta jotzen jarraitzea erabaki genuen. Erritmo sekzioa indartzeko Dave Manion (gitarra) eta Erik Snodgrass (baxua) bildu genituen geurera. [Ezkerrean, Spencer Basterrechea, Amuma Says No taldeko bateriajolea, Seattleko Euskal Etxeak eta Vancouverreko Zazpiak Batek egin zuten Euskal Jaian emandako kontzertuan]

-Non hasi zineten kontzertuak ematen?

Gure lehendabiziko emanaldi horren ostean gogor egin genuen lan abesti gehiago prestatzeko eta doako kontzertu asko eskaini genituen Boiseko Basque Center-en eta Basque Block [Boiseko euskal komunitatearen bilgunea] itxiz bertan jo ahal izateko. Boiseko San Inazio Festival-en jotzeko kontratatu gintuzten 2007ko uztailean eta harrez gero leku desberdinetatik deitu digute. Azkeneko urtean euskal jaialdi askotan jo dugu, horien artean Nevada, Idaho, Oregon eta Washington estatuetan. Gabon Zaharrean San Francisco Basque Club-eko New Year's Eve jaian joko dugu, Kalifornian. AEB osoko euskaldunak ezagutzea eta euren jaialdietan parte hartzea oso aberasgarria izan da guretzat. Boisen emanaldi finkoak ere eskaintzen ditugu, adibidez hilean behin Leku Ona jatetxean jotzen dugu.    

Amuma Says No - Dan AnsoteguiAmuma Says No-k duen onena familia bat dela da. Ederki konpontzen gara elkarrekin eta elkarrekin egonda asko disfrutatzen dugu. Harrigarriena zera da, nahiz eta nik Dan, Sean eta Jill aurretik ezagutu ez, gure amumek elkar ederto ezagutzen zutela aurkitu genuela. Nire Amumak Danen Amumak Sun Valley-n zuen ostatu-jatetxean lan egiten zuen 1930ean. Eta Jillen Amuma nire Amumaren oso laguna zen. Boisen inor ezagutu gabe honera bizitzera etorri ginenean familia honen parte eta euskal komunitatearen parte bihurtzeko aukera izatea emazteari eta bioi sekula gertatu zaigun gauzarik onenetarikoa izan da. [Eskubian, Dan Ansotegui trikitilaria, Amuma Says No taldeak Seattle eta Vancouverreko euskal etxeen jaialdian eman zuen kontzertuan]

-Nola azalduko zenuke zein den zuen estiloa?

Nire ustez Amuma Says No-ren helburua euskal musika tradizionala AEBetan bizirik mantentzea izan da beti, baina 21. mendera ekarriz. Batzuek esan dute 'euskal talde' soinua dugula, eta hori laudorioa da guretzat. Baina ez da hori lortu nahi duguna. Danek inoiz elkarrizketaren batean esan duen bezala, 'ez dugu soinua kopiatu nahi abesti bakoitzak Joseba Tapia, edo Itoitz, edo dena delakoaren soinua izan dezan. Guk nahi dugun soinua, euren kantuarekin egiten ari garen bertsioarena da'. Euskal rocka eta ameriketako rock/pop/country-a nahasten ditugu, euskal folk pittin bat gehituz, gure estilo berezia lortu arte. 

-Zer espero duzue aurkitzea San Antonioko Akordeoi Jaialdian?

Ilusio handiz goaz jaialdi honetara. Bertan musikari eta talde apartak izango dira, munduko bazter guztietatik etorritakoak eta guretzako ohore bat izango da eurak ezagutu, entzun eta eurekin jotzea. Gure asmoa Texasera jaitsi eta sekula entzun ez dutenei, euskal musika zer den erakustea da, ahalik eta hobekien, eta hori egin bitartean ondo pasatzea. Nire ustez soinu berezi bat gehituko diogu guk jaialdiari, zer gertatzen den jakiteko desiatzen nago.

-CDari dagokionez, zein izan da zuen inspirazioa?

CDa Fund for Folk Culture erakundearen beka bati esker finantziatu dugu. Beka honetara, lagun batek, Boiseko Maria Carmen Gamblielek, aurkeztu gintuen eta esker onez maketa bat egitea erabaki genuen eta aukeratu egin gintuzten. Albumak zortzi abesti ditu eta gure zuzenekoa zer den nahiko ongi erakusten du. Gogokoen ditugun euskal rock kanta batzuen bertsioak daude, eta Bolant Dantza, Zazpi Jauzi eta Jota/Porrusaldaren bertsio bereziak.  

Amuma Says No - Jill AldapeIzenburua, "Frontoitik Kalera", oso esanguratsua da guretzat. Boiseko frontoia Basque Block erdi-erdian dago, Boiseko eraikin zaharrenetako batean. 1912an eraiki zuten. Urte askotan euskal ostatua izan zen eta artzainak bertan bizitzen ziren neguan edo hirira etortzen zirenean.  Gaur egun, goiko partea bulegoak dira eta behekoa frontoia. Sotoan sukaldea eta jangela zahar bat daude, azkenaldian biltegi bezala erabiltzen zirenak. Egia esan, Sean-en Amumak sukalde honetan egiten zuen lan 40. hamarkadan. Guk garbitu egin ditugu eta bertan entsaiatzen dugu. [Ezkerrean Jill Aldape, taldeko kantaria]

CD aren portadan gu agertzen gara, lokalean entsaiatzen eta atzeko aldean frontoia. Nire ustez oso izpirituala da frontoian entsaiatzea: Boiseko euskal komunitatearen bihotza da eta bertatik pasa den historia senti daiteke. Nire ustez gure sustraiekin harremanetan mantentzen gaitu eta hirugarren belaunaldiko euskal amerikar bezala konpartitzen dugun historia gogorarazten digu. 

Orain beste CD bat ari gara prestatzen; "Lagunak" izena izango du eta Gabonetarako bukatu beharko genuke. Album honetan AEBetako beste euskal musikariekin batera joko dugu, adibidez Jean Flesher-ekin eta Bernardo Yancirekin.

-Euskal Herrian jotzeko proposamenik izan al duzue?

Oraindik ez, baina aukera sortuko balitz, oso gustura!!

 

-Taldearen CDak erosteko: amumasaysno@gmail.com

-Taldearen webgunea: www.myspace.com/amumasaysno
-CDa Boiseko Basque Museum and Cultural Center-en izango da salgai aurki. Internet bidez museoaren webgunean eros daiteke: http://www.basquemuseum.com/rcProdmain.asp

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia