Udako oporraldia aprobetxatu zuten mendozatarrek euren euskal etxeko pilotalekua hobetzeko eta martxo erdialdetik aurrera erabilgarri egongo da bertan egiten diren aktibitate guztientzat. Berritze-lanen inaugurazioa, hala ere, Aberri Egunerako utzi da, apirilaren 5erako, eta egun berezi horretako ospakizunen baitan izango, pilota partida eskainiko delarik erakustaldi gisa.
Mendoza, Argentina. 2015eko ekintzen egitaraua hastear dago Mendoza probintziako hiriburuko Denak Bat euskal etxean eta aktibitateen proposamenekin batera, bestelako berri bat ere zabaldu dute Andeen magaletako euskal elkarte honetatik: berritze lanak bukatuta, prest eta baldintza onenetan dago etxeko frontoia kirol aktibitate guztiekin jarraitu ahal izateko.
Denak Bat-eko arduradunek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez, “lan batzuk egin behar izan ditugu, esan nahi baita zorua leundu, pintatu eta lerro mugak margotzea: alegia, kantxa egokitu egin dugu kirolarien segurtasuna bermatu ahal izateko". "Aktibitateak orain, martxoan, hasiko dira, eta irekiak izango dira komunitate osoari, gizonezko eta emakumezko kirolariei, eta One Wall delako pilota modalitatea ere praktikatu ahal izango da. Aktibitate hau nazioarteko txapeldunorde dugun Adrian Astorgaren ardurapean egongo da”, azaldu digu euskal etxeko lehendakari Alicia Aguirrek. Frontoia prest egon arren, apirilean egingo du inaugurazio ofiziala euskal etxeak. Erakusketa partida Aberri Eguneko ospakizunen programa barruan egingo da.
Gogora dezagun ‘One Wall (Frontball)’ izeneko pilota modalitatea Iparraldean sortu zela eta gero eta zale gehiago dituela munduan zehar. Gaur egun Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzan part da eta Argentinan, batez ere Paranan eta Mendozan jokatzen da.
Euskara klaseak
Berri honekin batera, euskara klaseetara bueltatzera ere gonbidatzen du Denak Bat-ek: lehenengo topaketa larunbat honetan izango, goi mailako kurtsoen ordutegiak adosteko. Oinarrizko taldea, berriz, asteartero bilduko da, arratsaldeko 5etatik 7:30etara, Barcala kaleko 643. zenbakiko egoitzan. Informazio gehiago eskuratzeko, Alicia Aguirrerengana jo behar da, aliciaaguirrem@hotmail.com helbidera.