euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Frontoi bat Pazifikoko palmera artean: Kaledonia Berriko euskaldunek 'Feria des Furieux' jaia antolatu dute

2011/03/14

Noumeako frontoia, Kaledonia Berriaren bihotzean (argazkia AmicalePaysBasqueSonc)
Noumeako frontoia, Kaledonia Berriaren bihotzean (argazkia AmicalePaysBasqueSonc)

PUBLIZITATEA

Kaledonia Berriko hiriburuan, Noumean, euskal bisitariak harriduraz begiratuko du palmera artean ikus daitekeen horma bakarreko frontoia. 1990an eraiki zuen 'Amicale du Pays Basque et du Sud-Ouest' taldeak, irlako ehun bat euskaldun biltzen dituen elkarteak. Euskal pilota ligaxka jokatzen zen bertan, 2004an bukatu zen arte. Euskaldunen taldeak, aldiz, sendo dirau, eta datorren apirilean egingo du bere urteroko jaia, 'Feria des Furieux' izenekoa. Aurreko edizioetan 400 lagun ere bildu izan dira jai honetara.

Noumea, Kaledonia Berria. Apirilaren 9an Kaledonia Berriko euskaldunek hitzordua dute Pazifikoko irla honen hiriburuan, Noumean. Bertaratzen direnek 'Amicale du Pays Basque et du Sud-Ouest' elkartearen 'Feria des Furieux' urteroko jaiaren hamargarren edizioaz gozatu ahal izango dute.

Jaiaren egitarauak honako proposamena dakar: herri bazkaria (paella) eta musika, DJ Xabi eta Banda Malaoui taldearen eskutik. "Hamargarren edizioa da aurtengoa", azaldu dio EuskalKultura.com-i elkarteko kide Emmanuel Berartek. "Aurreko edizioetan 150 eta 400 lagun artean bildu izan ditugu'.

Nueva Caledonia (3)

[Kaledonia Berriko euskaldunek badakite bai jai giroan ibiltzen! (argazkia AmicalePaysBasqueSonc)]

Elkartea 1982. urtean sortu zen eta gaur egun ehun bat euskaldun biltzen dira bertan, Iparraldekoak gehienak, irla Frantziaren 'Sui Generis' Kolektibitatea baita (horixe da bere status politikoa). Elkarteko presidentea Gérard Labrande da, iragan urtarrileko bilkura orokorrean bazkideek aho betez berretsi zutena.

Elkartearen jardunak euskal pilotarekin harreman estua du. Adibidez, elkarteko euskaldunek eraiki zuten Noumeako frontoia, 1990an. "Irlan hiru pilota klub izan genituen eta euren artean ligaxka jokatzen zuten, 2004ean bertan behera gelditu zen arte", azaltzen du Berartek.

Nueva Caledonia (4)

[90. hamarkadako argazki batean, elkartearen 'Lagunekin' txapelketako partehartzaileak (argazkia AmicalePaysBasqueSonc)]

Nueva Caledonia (2)

[2011ko Feria des Furieux jaiaren afitxa (argazkia AmicalePaysBasqueSonc)]

"Frantziako Euskal Pilota Federazioaren babesarekin pilota txapelketa bat ere egin genuen. Federazio honek Itsasoz Bestaldeko Liga Frantsesak biltzen ditu (Korsika, Reunion, Saint-Pierre & Miquelon, Kaledonia Berria) eta baita ere oraindik pilota zaletasuna duten beste herrialde batzuk, hala nola Belgika, Maroko eta Quebec", bukatzen du Berartek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia