Fresno, AEB. “Gogotsu geunden lehenbiziko jaialdia heltzeko eta, ikusi nuenez, berdintsu zegoen jendea”, dio Etchechuryk. Eta nahiz eta, bere hitzetan, Fresnoko festibala “txikietako bat” izan, datu bat ematearren, 670 bazkari zerbitzatu zituzten larunbatean Vista del Río arrantxuan. “Uste dut ume asko jaio direla azken bost urteetan eta, lehenengo jaunartzea egiteko datak eta festibalekoak berdinak direnez, eta ez elizak ezta euskaldunok ere ez genuen geure plana aldatuko, bada, uste dut jende askok dena ospatu nahi izan duela egun berean”, esan du, txantxetan, antolatzaileak.
Fresnoko euskal festara agertutakoen artean fresnotarrak bakarrik ez, beste hainbat euskal klubetatik etorritakoak ere bazeuden: “Bakersfield-ekoak eta San Frantziskokoak behintzat ikusi nituen, Kalifornia erdialdekoak, gehien bat”.
Mike Lastiri aitak eman zion hasiera jaiari, goizeko 10:00etako euskarazko mezarekin eta, azkenak, ez ziren 20:00ak baino askoz beranduago joan. “Ez da berez oso berandu, baina parkeko kanpoaldean argirik ez dugunez, iluntzen hasten denean jendeak alde egiten du”.
Bazkide guztien laguntza
Euskal Etxeko talde handi batek prestatu zuen guztientzako bazkaria eta beste talde bat tabernan ibili zen, tragoak zerbitzatzen. “Denek egin zuten zerbait”. Arratsaldeko ordu batetatik hiruetara bitartean izan zuten jatordua eta, gerora, Fresnoko dantzariak eta Bakersfieldeko Klikako musikariak agertu ziren jendaurrera. “39 dantzarik parte hartu zuten, gazteenak 4 urte eta nagusienak 50 inguru zituelarik”, aipatzen du Etchechuryk. “Polita izan zen ama eta alaba batzuk egun berean dantzatzen ikustea”.
Jean Flesher Band taldearen erromeria edo dantzaldiarekin bukatu zen eguna eta, nahiz eta programan horrela agertzen zen, azken orduan ezin izan zuen La Belle Michelle-k abestu.
Biharamuneko goiza Santa Fe-n
Baina euskal etxeko dantzarien irakasle eta musikaria izateaz gain, Fresnoko Santa Fe euskal jatetxeko jabea ere bada Manuela, bere senar Jean-Pierrekin, eta bertan gosaldu zuten, biharamunean, festibalera joandako hainbat eta hainbat lagunek. Gosaria, mendebalde amerikarreko euskal arrantxuetakoa. “Bederatzietan hasi ginen zerbitzatzen: Odolkia, saltxitxak, txorizoa, patatak, arraultzak, gasna… Eta, jakina, ardo beltza ere bai”, esaten digu. Eguerdirako ia denak joanak ziren eta orain, prest daude Fresnoko euskaldunak inguruko klubetako bestetara joateko, udako martxa hartzeko.