euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fresnokoak eman die hasiera AEBetako udako euskal festei; aita Lastirik 25 urte bete ditu apez

2010/05/24

Dantzariak heien txandaren beha Fresnoko 2010eko piknikan
Dantzariak heien txandaren beha Fresnoko 2010eko piknikan

PUBLIZITATEA

Urte guziz Fresnokoa, Kalifornian, izan ohi da Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) urteko edo 'udako sasoineko' lehenengo piknika, maiatzean beti. Aurten ere hala izan da, Maiatzaren lehenean, Fresno ondoan den Caruthers herriko Campos familia nafartar-baxenabartarraren arrantxuan: Euskal Etxeak antolatu 33. piknika izan da, 1978an antolatu baitzen lehena. Bertan zegoen eta bertan bizi den Pettan Ossinalde lasarraren lekukotasunak ekarri du honako artikulua, Herria astekariaren azkeneko zenbakian argitara eman dena.

Pettan Ossinalde/Fresno, Kalifornia, AEB. Eguna aita Jean-Michel Lastirik eman euskal mezarekilan hasi zen, Bakersfield-eko klika partzuer. Meza bururatzean Fresno bereko Euskal Etxeko "Gure Bildotsak" ttipien dantza taldea arizan zen dantzari, akordeonean Manuela Etchechury, senar Panpirekin batera Fresnoko Santa Fe jatetxe euskalduna atxikitzen duena. Segidan, bazkari ederra, barbakoa gisa: Kaliforniako bildoskia, ilarrak, entsalada, ogia, gasna eta arnoa. Ondotik, Chinotik jin Gauden Bat Dantza Taldeko dantzariek Euskal Herriko probintzia guzietako dantzen erakustaldi polita eman dute.

Iluntzean balaren txanda izan zen, horrendako Utah-tik ekarrarazirik Ezterenzubiko arrazako Jean Flesher musikaria bere akordeonarekin Fresnoko Panpi Etchechury lagun zuela usaia duten bezala euskal aire, kantu eta musikak oro jo eta kantatuz, jendea loriaturik. Mementu goxoak pasarazi dituzte, gazte eta xaharrek betiko aireen entzuten eta dantzatzen.

Bestenaz, Fresnoko Euskal Etxeko Tony Campos eta Pettan Ossinaldek musean irabazi zuten Los Angelesko Oberena Euskal Etxeko txapelketan eta NABOko mus txapelketa nazionalean izanen dira Winnemuccan ekainaren 13an. Zorte onena heiendako!

Eta ez dugu ahatzi behar maiatzaren 10ean, Kaliforniako apez euskalduna den Jean-Michel Lastirik 25 urte bete dituela apeztuz geroz. Ederki ospatu du Fresnoko Izpiritu Sainduaren Eliza Katolikoan, San Frantziskoko Elgarrekin korala meza edertzen laguntzaile. Mezaren ondotik euskal elgarretaratzea izan da Santa Fe euskal jatetxean, Panpi eta Manuela Etchechuryk prestaturik. Besta polit hunkigarria izan da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia