euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fredi Paya, Ameriketan bira hasteko bezperan: 'XXI mendeko bertsolaritza eraman nahi dugu Diasporara'

2008/03/11

Paya anaiek eta Wilson Saliwoncyk argentinarrak Bizkaian iaz egin zuten emanaldiaren afitxa
Paya anaiek eta Wilson Saliwoncyk argentinarrak Bizkaian iaz egin zuten emanaldiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Etzi Sao Pauloko bidean izango dira Paya anaiak --Fredi eta Xabi-- eta Maialen Lujanbio bertsolaria Brasil, Argentina eta Uruguaien bira egiteko asmoz. Hilaren 22tik 29ra emanaldiak eskainiko dituzte herri hauetako inprobisatzaileekin batera, horien artean Wilson Saliwoncyk payadore argentinar gaztearekin. Musikaz girotutako ikuskizun moderno eta dinamikoa eskaintzeko asmoa dute, tradizio desberdinak uztartuz: euskaldun batek bertsoa euskaraz bota, besteak gaztelerara itzuli eta payadoreek erantzun egingo diote. Bertsolaritzaren munduan sartzeko aukera aparta, euskaraz egiten ez dutenentzat ere.
Maialen Lujanbio, Fredi Paya eta Xabi Paya bertsolariek Hegoameriketara bidaia egingo dute aste honetan, Argentina, Brasil eta Uruguaiko inprobisatzaileekin batera hainbat emanaldi eskaintzeko. Eurekin batera Paulo de Freitas Mendonça brasildarra, Juan Alberto Lalanne eta Wilson Saliwoncyk payadore argentinarrak, Saltako Balvina Ramos bagualera argentinarra eta Emprocuras folk talde argentinarra arituko dira, besteak beste.

Lehen emanaldia etzi izango da Brasilen, Sao Pauloko Unibertsitatean. 'Gero egun batzuk emango ditugu Brasilgo beste herri batzuk bisitatzen, bertako inprobisadoreekin saioak eta elkarrizketak grabatuz', azaldu dio EuskalKultura.com-i Fredi Payak. Jarraian Argentinan arituko dira: hilaren 20an 9 de julio herrian, 22an Saladillon eta 23an Chascomusen. Buenos Airesen Radio Nacional irratian saio egingo dute. Bukatzeko martxoaren 29an Montevideoko Zitarrosa aretoan arituko dira.

Payatarrak eta payadoreak

Kasualitate hutsa edo patua izan, Wilson Saliwoncyk payadore argentinarra eta Paya anaien arteko topaketak emaitza oparoak ekarri ditu. 2005ean Bertsozale elkarteak Donostian antolatu zuen mundu mailako inprobisazio topaketan hasi zen sortzen bertsolari eta payadoren arteko konexioa. 'Argentinan payadoreen tradizioa ia desagertzear dago, gehienak oso nagusiak dira eta ez dago apenas gazterik. Bertsolariok ordea inprobisazioa urbanizatu egin dugu eta gazteen artean jarraitzaile asko ditu', azaltzen du Payak.

Saliwoncyk ere gaztea da eta payadoreen tradizioa, Pamparekin eta gautxoekin hasten dena, kultura urbanora ekartzen ari da, Payaren esanetan. Hiru inprobisatzaileen topaketa beraz erraza izan zen iaz Saliwoncyk Euskal Herrira etorri zenean. Hiruek 'PAYAdoreak' izeneko ikuskizuna antolatu zuten, emanaldiak eginez Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian. 'Orduan euskara eta gaztelera uztartzeko modu bat asmatu genuen: gutako batek bertsoa botatzen zuen euskaraz, besteak gaztelerara itzuli, oinak errimatuta, eta Wilsonek erantzun egiten zion. Eta berriz hori itzuli, eta besteak erantzun', azaltzen du Payak. Bira honetan sistema bera erabiliko dute.

Otañoren bertsoak eta inprobisazio urbanoa

Hegoameriketan eskainiko dituzten saioetan musika eta inprobisazioa uztartuko dituzte. 'Payadoreak antzinako abestiekin hasten dituzte euren emanaldiak. Guk ere berdin egingo dugu, Pello Mari Otañoren bertso jarriak erabiliz', kontatzen du Payak. Zizurkilen jaio baina Argentinan bizi eta hil zen Otaño, eta bertan idatzi zituen bertsoetan herrimina ederki azaldu zuen, Euskal Herrian ere arrakasta ederra lortu zutelarik.

Baina tradizioa abiapuntu izanda ere, saioak modernoak izango dira. 'Bertsolaritza oso posmodernoa da, Euskal Herrian hirietara heldu da, urbanizatu egin da eta gaur egun txapelketetara jendetza doa, telebistan saioak ematen dituzte, unibertsitatean eta irakaskuntzan sartu da... Mundu mailan aitzindariak gara horretan', azaltzen du Payak.

Kultura talka

Modernitate hori Diasporan bertsolariak izan dezaketen irudi idealizatuarekin alderatzeak arazoak ekar ote ditzakeen beldurrik ez dute bertsolariek. 'Kultura talka egotea espero dugu. Guk XXI. mendeko bertsolaritza eramango diegu. Baina Euskal Herrian ere bertso saioak Aiako San Migelen zein Bilboko San Frantziskon egin egiten ditugu eta bertsolariak bietan [herri txikietan zein hiri handietan] kantatzen jakin behar du'. Proposamen ausarta eta Diasporako euskaldunentzat --baita euskaraz ez dakitenentzat ere-- bertsolaritza munduan sartzeko aukera paregabea izango da.

Biraren antolatzaileak Eusko Jaurlaritza, Lanku enpresa, Wilson Saliwoncyk eta Argentinako Itxaropen, Etxe Maitea eta Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak, Brasileko Eusko Alkartasuna Euskal Etxea eta Montevideoko Haize Hegoa Zentroa izan dira.


Lotura interesgarriak

Hiru bertsolarik bira egingo dute Argentina, Brasil eta Uruguaien
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko otsailaren 27an

Wilson Saliwoncyk, argentinar payadorea
www.wilsonelpayador.com.ar

Balvina Ramos, Saltako bagualera
www.camdipsalta.gov.ar

Emprocuras taldea
En Myspace


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia