euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fredi Paia, bertsolaria: 'Ia desagertua dagoen Aezkoako euskara Saladilloko herrian entzutea hunkigarria izan zen'

2008/05/07

Fredi Paia bertsolari bizkaitarra bere bizitza laboralaz eta Hego Amerikan bizitako esperientziaz aritu da Labayru Ikastegiaren buletinean
Fredi Paia bertsolari bizkaitarra bere bizitza laboralaz eta Hego Amerikan bizitako esperientziaz aritu da Labayru Ikastegiaren buletinean

PUBLIZITATEA

Fredi Paia bertsolari bizkaitarra, inprobisatzeaz gain, beste zenbait arlotan dabil edo ibili da lanean, hala nola, ETB, Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria Irratia eta herri mailako beste hainbat euskal komunikabideetan kolaboratzaile edo, esaterako, irakasle moduan Bizkaiko Ikastolen Elkartean. Aurtengo Aste Santuan bere anaia Xabier eta Maialen Lujanbiorekin Hego Amerikan aritu zen payadore, bagualera, envoladore eta beste hainbat inprobisatzailerekin bira eskainiz. Labayru Ikastegiak Fredi Paia elkarrizketatu du bere buletin informatiboan. Hona hemen bertsolariaren hitzak bizkaitar euskalkian.
Fredi Paia Algortan jaio zan 1981ean. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista azken lau edizinoetan eta Euskal Herriko final erdietan izan da azken bi txapelketatan. Piano eta biolin ikasketak egin zituen Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Konserbatorioan eta musika erromantikoaren interpretazinoan espezializatu zan Brasoveko (Errumania) Unibersidadean. Enpresa zientzietako ikasketak hasi zituen Deustuko Unibersidadean, gero EHUn espezilizazioarekin jarraitzeko. Urruzuno bezalako literatur sariketen irabazle, gidoiak idatzi ditu antzerki, dokumental eta laburmetraietarako. Kolaboratzaile ETB, Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria Irratia eta beste hainbat herri mailako euskerazko komunikabideetan. Zutabegile Euskaldunon Egunkarian eta Berrian azkenengo sei urteotan. Bizkaiko Ikastolen Elkarteko Bertsolaritza irakasle eta Bertsozale Elkarteko material didaktiko egilea izan zan Labayruko herri ondarea batzeko arloan lanean hasi aurretik. Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzako kidea da eta Bertsolaritzaren Transmisino politikearen arduraduna.

--Noiz eta zelan ezagutu zenduan Labayru?

Hamabost urte neukazanean ezagutu neban. Garai hatan bertso eskolako kidea zan Unai Elorriagak Ahozko Literatura jardunaldi batzuen ganeko informazinoa erakutsi eustan. Berak be klaseak emoten etorri behar ebanez, autoz alkarregaz joatea eta etortea pentsau genduan eta oroitzapen sano oneko uda bi emon nebazan Labayrun, ahozko literaturea lantzen.

--Orain Labayrun zertan zabilz?

Orain Uribe Kostako herri ondarea batzen nabil. Edadeko jenteari grabazinoak egiteak mundu zoragarria zabaldu deust. Bizitza osoan zehar ez dot sekula horrenbeste ikasi, eta gure kultur ondareari garrantzia emotea informanteen autoestimurako sano positiboa da. Euren ama-hizkuntza euskerea izateagaitik hainbeste sufridu behar izan dauen jentea dala kontuan hartuta.

Hain zuzen be, ondare horren zabalpena da orain buruan daukadana, Mondragon Unibertsitatean, Ander Manterolaren tutoretzapean, lantzen nabilen eta daborduko gure eskualdeko udal ia danek onartu daben plangintzaren bidez.

--Bertsozale alkartean ibili zara, ezta? Hango eta hemengo beharren artean alderik badago? Zertan?

Zazpi urte emon dodaz Bizkaiko Ikastolen Elkartean bertsolaritza irakasle eta Bertsozale Elkartean material didaktikoa egiten ibili naz. Egun Bizkaiko transmisino politikearen ardurea daukat eta bertsolaritzea eskoletan zabaltzeko daukaguzan zortzi irakasle neure ardurapean eukitez gainera, euren koordinazinoaaz be arduratzen naz. Aldea dago ordutegi eta baldintzen artean, baina informanteakaz izugarri ikasten nabil, eta hori da nire bizitzako fase honetan baloretan dodana.

--Aste Santuan Hego-Ameriketan egon zara, ezta? Zertan? Zelan?

2003. urtean ‘Ahozko Inprobisazioa Munduan’ izeneko jardunaldiak egin genduzan, Bertsozale Elkarteak atonduta, eta 16 kultura ezbardin batu genduzan. Mintzola egitasmoa martxan ipini genduan, Billabonan eregiten gabilzan Unescok finantzaututako inprobisazinoaren mundu mailako egoitzan. 2010ean beste topaketa bat egiteko asmoa daukagu eta ildo horretatik tiraka egin dogu Hego Amerikara bidea anaia Xabierrek, Maialen Lujanbiok eta hirurok. Bertan payadore, bagualera, envoladore eta beste hainbat inprobisatzailegaz egon gara. Brasilek, batez be, sano harrituta itxi gaitu, 70 inprobisazino molde ezbardin baino gehiago ditualako. Argentinar telebisteagaz dokumentala egin dogu eta interesa daukanak ikusteko paradea eukiko dau.

--Hango euskaldun askorekin egon zara. Ezer bitxirik ikusi edo entzun dozu?

Gauza bitxi asko ikusi ditugu Argentina eta Uruguaiko euskaldunen artean. Horreetatik bat aukeratu beharko banu, Saladilloko herrian izan genduan entzule berezi bat aitatuko neuke. 98 urteko Aezkoarra zan. Bertsotan ibili ginan denbora guztian negarrez egon zan, erabat hunkituta. Sekula entzun ez dodan euskalkian egiten eban berba, eta agian ez neutsan esan eustan guztia ulertu. Izan be, bere gurasoak Argentinara joan ziranean euskera besterik ez ei ekien, egun desagertuta dagoan Aezkoako euskera. Bere alabeari irakatsi eutsien eta hunkigarria izan zan desagertutako euskalki baten azken hiztunari berbaz entzutea. Sekula ahaztuko ez dodan esperientzia izan zan.

--Orain esku artean zer daukazu? Lanen bat edo egitasmoren bat?

Benetan be zentrauta nabil gure eskualdeko herri ondarearen proiektuan. Etorkizunerako bideak, aukera barriek eta batez be, gizarteratzeak kezkatzen nabe. Hizkuntza bat galdu aurreko pausua hiztun guztiak elebidunak izatea da, eta puntu horretan gagoz. Bertsotan, Labayrun zein Trikitixa Elkartearentzako anaiagaz batera prestetan gabilzan Arratiako herri musikeari buruzko beharren bidez, beti egin dodana egiten jarraituko dot. Gure kulturea desagertu ez daiten, ikuspegi militante batetik behar egingo dot.

(Labayru Ikastegiaren buletin informatiboan argitara emana)


Lotura interesgarriak

Bertsolari eta payadoreen arrakasta Montevideon
2008ko apirilaren 22an EuskalKultura.com-en argitara emana

Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes bertsolariak Belfasten, Irlanda
2008ko apirilaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Payadore eta bertsolariek arrakasta Chascomus-en
2008ko martxoaren 26an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia