euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Frantziar komunikabideek munduko laugarren jatetxerik onena izendatu duten Mugaritzen arrakasta jaso dute

2008/06/06

Luis Andoni Aduriz sukaldaria (argazkia FP)
Luis Andoni Aduriz sukaldaria (argazkia FP)

PUBLIZITATEA

Nazioarteko berri agentzia garrantzitsuenetako batek, Agence France Press, Andoni Aduriz euskal sukaldariaren abentura gastronomikoaren berri eman du, Mugaritz jatetxera bisita eginez. Jatetxea munduko laugarren onena bezala aukeratu zuten joan den apirilean Restaurant Magazine aldizkariak bildutako 700 adituk. Artikuluak Adurizen sukaldaritzaren berrikuntzak azaltzen ditu, aldi berean Mugaritzek sustraiak inguruan ondo errotuak dituela gaineratuz. Izan ere, jatetxeari izena bertan dagoen zuhaitz zaharrak ematen dio, Errenteria eta Astigarragaren muga markatzen duen haritz zaharrak.

Errenteria, Gipuzkoa. France Press berri agentzia Mugaritz jatetxean izan da, zuzenean Luis Andoni Aduriz sukaldariak gidatzen duen abentura gastronomikoa ezagutu ahal izateko. Haien esanetan Adurizen ‘Idiazabal gaztarekin eginiko gnocchiek eta buiaz eginiko ravioliek Restaurant Magazine aldizkari britaniarreko 700 adituak konkistatu dituzte’ .

Artikuluak ‘duela hamar urte baserri bat erostea erabaki zuen langile sutsua’ bezala deskribatzen du Aduriz, sukaldariak bere burua ‘sortzaile baina ez berritzailetzat’ duela gehituz. Adurizek euskal sukaldari handien lana, Juan Mari Arzak eta Martin Berasategirena hain zuzen ere, goraipatzen du, nahiz eta Restaurant aldizkariaren aburuz sukaldari gazteak aintzindariak gainditu egin dituen jada. Aldizkariaren klasifikazioa joan den apirilean argitaratu zenetik, Mugaritz beteta egon da egunero eta bezeroen %75a atzerritarrak, asko frantsesak eta britaniarrak, izan dira.

Emozioak agertarazi

Sukaldariaren esanetan bere helburua bezeroen ‘bihotza lapurtzea’ eta ‘bere platerretan paisaiak islatuz emozioak sortzea’ da. Jatetxea lanean hasi zenean 12 langilek 100 bat bezeroentzat lan egiten zuten; gaur egun 40 langile dira 40 bezeroentzako. Karta desagertu egin da, eta horren ordez menuak egunetik egunera merkatuan erositako produktuen arabera prestatzen dituzte.

Sukaldariak kalitatezko euskal produktuen hornikuntza du, adibidez, arraultzak ‘inguruetako produktore txikiengandik’ erosten ditu eta belar aromatikoak bere lorategitik batzen ditu. Restaurant Magazine aldizkariak etorkizun bikaina iragartzen dio Adurizi, ‘sukaldaritza berriago eta dibertigarriago baterantzako aldaketa egingo duen funtsezko agente bezala’. Mugaritzi buruzko infornazio gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia