euskal diaspora eta kultura
2011/09/05
PUBLIZITATEA
Aldude, Nafarroa Beherea. Iragan abuztuaren 20ean Alduden egin zen bileran frantziar estatuko euskal etxeetako 30 bat ordezkari bildu ziren, Pierre Oteizak eginiko gonbiteari erantzunez. Bilera honen bidez Oteizak euskal elkarteei eskertu egin nahi izan zien bere produktuak ezagutarazten egiten duten lana, baina topaketa haratago joan zen: euskal etxeetako kideak elkar ezagutu eta harremana sendotzeko aukera bilakatu zen.
"Helburua aski sinplea zen ororen buru: Peiok eskertu nahi gintuen, bai eta elgarretaratu eta elgar ezagut ginezala", azaldu dio EuskalKultura.com-i Bordeleko Euskal Etxeko presidente David Mugicak. "Jakina, izigarri egun goxoa izan zen: ongi jan, edan eta kantatu! Bai eta ere, serioskiago, gutartean mintzatu gure egoeraz, xedeez eta abar. Horren ikuspundutik ere interesgarria izan zen". Esperientzia hain izan zen ona, datorren urtean errepikatzeko asmoa agertu zutela denek.
Lehen aldia
Topaketan Frantziako hiru euskal etxe ofizialak (Parise, Bordele eta Paue) eta elkarte ez ofizialak ere bildu ziren (Lurde, Clermont-Ferrand). "Badira beste zenbait elkarte Tolosan (ezin etorririk) eta Montpellieren, bai eta ainitzez urrunago ere Saint-Pierre et Miquelon eta Kaledonia berrian!", agertu du Mugicak.
Mahaiko hutsuneak hutsune, Hexagonoko euskal etxeak biltzen ziren lehen aldia izan zen, eta pozik agertu ziren denak esperientziarekin. "Baditugu jadanik harremanak Parise eta Paueko elkarteekin, Pauek Lurde ezagutzen du noski hurbil-hurbil direla eta; bainan denak elgarrekin izaitea, hori lehen aldia zen", azpimarratu du Mugicak. Bileran, halaber, Euskal Kultur Erakundeko presidente Mikel Erramouspe ere izan zen. Erramouspek euskal etxeei EKEn toki gehiago emateko asmoa agertu zuen.
[Bileran proiektu eta esperientzia trukatzeaz gain Pierre Oteizaren produktuak dastatu zituzten euskal etxeetako ordezkariek (argazkia BordeleEE)]
Partehartzaileak
Bordeleko euskal etxetik 10 bat lagunek egin zuten bidaia, tartean David Mugica presidentea, Jean-Marc Goyheneche (presidente-ohia, orain diruzaina), Marie-Pierre Roy, eta Bestalariak koraleko kideak. Parisetik berdintsu, horien artean Sébastien Daguerre (joan den martxoan presidente bihurtua) eta Arlette Oçafrain.
Lurdeko euskal elkartetik (Lourdes, Bigorre eskualdean) ere beste hainbeste, Charles Etchepareborde presidentea eta Jean-Pierre Arla diruzaina buru. Pauetik Jean-Pierre Urrutia presidentea eta Frantxoa Challet presidente-ordea inguratu ziren. Clermont-Ferrand-eko elkarteko kide ohi bat ere bertan izan zen.
-Pierre Oteiza enpresaren webgunea, hemen (euskal jaki salmenta online)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus