euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Frantziako zortzi euskal etxek bilera egingo dute Bordelen martxoaren 24 eta 25ean

2012/03/08

Iazko abuztuan Aldudeko Pierre Oteiza lantegia egin zen Frantziako euskal etxeen bilera; ezkerretik hasita bigarrena Bordeleko Euskal Etxeko David Mugica da (argazkia BordeleEE)
Iazko abuztuan Aldudeko Pierre Oteiza lantegia egin zen Frantziako euskal etxeen bilera; ezkerretik hasita bigarrena Bordeleko Euskal Etxeko David Mugica da (argazkia BordeleEE)

PUBLIZITATEA

Bordeleko Euskal Etxeak luzatu du gonbitea eta Frantziako beste zazpi euskal etxe edo elkarte euskaltzalek baiezkoa eman diote. Topaketa martxoaren 24 eta 25ean egingo da, Bordelen, Eskualdunen Biltzarra elkartearen egoitzan, eta bertan izango dira Paris, Paue, Lourdes, Montpellier, Tolosa eta Bordeleko elkarteak (azkeneko bi hirietan bina euskal elkarterekin). Euskal etxeek euren esperientziak trukatzeko eta lankidetza sustatzeko bideak bilatuko dituzte. Topaketaren bigarren egunean, bertaratutako ordezkariek Bordeleko euskal etxearen Odolkiaren Eguneko bazkariaz eta bestaz gozatu ahal izango dute.

Bordele, Frantzia. Bordeleko Eskualdunen Biltzarra elkartean bilera egingo dute Frantziako euskal etxeek datorren martxoaren 24-25ean. Topaketa honen ideia iazko abuztuan sortu zen; orduan, Pierre Oteiza euskal gastronomia mozkin ekoizleak gonbidatuta Alduden bildu ziren Frantziako euskal etxeen ordezkariak. Elkar ezagutzeko eta hainbat gai desberdinen gainean esperientziak trukatzeko aukera bikaina izan zen eta, Bordeleko ordezkarien iritziz, topaketak segida izatea merezi zuen. "Biharamunean mezu bat bidali genien elkarte guziei 2012an bilera egitea proposatuz", azaldu dio EuskalKultura.com-i David Mugica elkarte bordeleseko presidenteak.

Aurretik ere izan zen beste bilerarik, adibidez, 2007an Pariseko Eskual Etxeak proposatu zuen Europako Euskal Etxeen arteko bilerak egitea urtean behin, eta 2008an Parisen eta 2009an Bartzelonan egin ziren topaketak. "Bainan gero proiektuak behera egin zuen hein batean, konplikatuegi litekeelako guztiok elgarretaratzea edota elgarrekin proiektu baten eramatea; izan ere, nahiko lana dugu geure elkarteetan gainerakorik ez sortzeko", gogoratu du Mugicak. "Hala ere guk Bordelen bagenuen beti buruan ideia hori baina Frantzia mailan, errexago eta praktikoago izanen zelako ustean".

Zortzi euskal etxe Frantzian

Bordeleko euskal etxeak Frantziako beste zazpi euskal elkarte gonbidatu ditu topaketa honetara: Pariseko Eskual Etxea, Paueko Lagunt eta Maita Euskal Etxea, Lourdesko Denak Elgarrekin elkartea, Montpellier-eko Eskualdunak elkartea, Bordele aldeko Ongi Etorri elkartea eta Tolosako bi elkarte: Denak Bat eta Eguzki Loreak Dantzan.

Lehen egunean, martxoaren 24ean, elkarte hauetako ordezkariek elkar ezagutzeko aukera izango dute eta arratsaldean tailerrak egingo dituzte, dituzten arazoak aipatzeko, arazo horiei aterabideak bilatzeko eta lankidetza sustatzeko. Biharamunean, ordezkariek Bordeleko Euskal Etxearen urteroko Odolkiaren Bazkarian parte hartzeko aukera izango dute.

"Urteroko hitzordua dugu, eta beraz aurten euskal elkarteen topaketarekin uztartu dugu. Egun hortan, bezperako elkarteak izanen dira noski, baita ere Bordele aldeko beste euskal elkarteak (dantza talde bat, korala) eta Bordeleko elkarte erregionalista batzuk. Bazkaritik landa, mintzaldi bat izanen dugu: 'Tokiko moneta Euskal Herrian'", gehitu du Mugicak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia