euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Frantziako herri mintzairen literatura topaketak bihartik aurrera Bardozen (Lapurdi), euskal idazleak antolatzaile

2008/01/17

Itziar Madina, Euskal Idazleen Elkarteko ordezkari Iparraldean eta bihar Bardozen hasiko den bilkurako antolatzaile (argazkia Eke.org)
Itziar Madina, Euskal Idazleen Elkarteko ordezkari Iparraldean eta bihar Bardozen hasiko den bilkurako antolatzaile (argazkia Eke.org)

PUBLIZITATEA

Bihar hasi eta igandea bitartean Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) literatur jardunaldiak egingo ditu Lapurdiko Bardoze herrian. Topaketa frantziar estatuko herri hizkuntzetako literaturaren ingurukoa izango da eta bertara Euskal Herri, Korsika, Bretaina, Okzitania, Katalunia eta Alsaziako idazleak bilduko dira. Bilkuraren helburua idazleon artean harremanak sakondu eta ideiak eta esperientziak elkarrekin trukatzea.
Euskal Idazleen Elkarteak frantses estatuko hizkuntza minorizatuetan idazle direnen bilkura egingo du bihartik aurrera Euskal Herrian, Lapurdiko Bardoze herrian. Topaketa igandera bitartean luzatuko da, 'Herri Mintzairen Idazle Topaketak' izenburupean. Elkarretaratzean parte hartuko dutenen artean, Korsika, Bretaina, Okzitania, Katalunia eta Alsaziako hizkuntzetan idazten duten idazleak espero dira, idazle euskaldunekin batera.

'Topaketen helburua herri hizkuntza hauetan idazten duten idazleak harremanetan jartzea da, elkar ezagutu eta ideiak trukatzeko aukera ematea', azaldu dio EuskalKultura.com-i Itziar Madinak, EIEko Iparraldeko arduradunak. Honelako lehenengo topaketa bat egiteko ideia eta ahalegina Euskal Idazleen Elkartetik sortu da, baina erantzuna hasieratik izan da ezinhobea. 'Oso harrera ona bildu genuen beste herrietako elkarteei ideia proposatu genienean. Batzuk ezustean harrapatuz, euren egutegiak aldatu dituzte topaketan egon ahal izateko. Etorkizunean horrelako gehiago egingo ditugula espero dugu'.

Ekimen amankomunak bultzatu

Antolatzaileek argi gogorarazi dutenez hizkuntza hauek --tartean euskarak-- ez dute estatu frantsesean aitorpen ofizialik biltzen eta euren literaturak zailtasun handiak ditu normaltasun amini batez garatzeko. Topaketokin, oztopo horiek guztiak gainditu behar dituzten idazle eta eragileen artean harremana eta lankidetza bultzatu nahi da. Hainbat arlotan elkarlana abian da jada, adibidez Maiatz argitaletxe euskalduna eta Okzitaniako Per Noste argitaletxea elkarrekin ari dira euskarazko eta okzitanierazko testuak dituen liburu elebidun bat prestatzen.

Bihar bertan emango zaie hasiera topaketei, herri bakoitzetik etorritako ordezkariei harrera eginez. Egun nagusia larunbata izango da. Goizean, eztabaidan arituko dira idazleak 'Nor gira? Nundik heldu?' gaiaren inguruan, ordezkaritza bakoitzak bere burua eta testuingurua aurkez ditzan. Ondoren, lan tailerrak egingo dituzte itzulpengintzari buruz. Arratsaldean euskal literaturari buruzko mintzaldiaren txanda izango da eta, azkenik, egun egokiro bukatzeko, musika, bertso eta txotxongilo ikuskizunari ekingo zaio, afaria aurretik.

Topaketetako azken eguna igandea izango da. Domeka, literatura abegikortzen duen testuingurua eta herria ezagutzera dedikatuko diote, turismoa egitera alegia. Partehartzaileek Orreagara mugituko dira eta Orreagako horma eta parajeetan Euskal Herriko historiako hainbat pasadizo biltzen dituen eremu eder horren bisita gidatua egingo dute.


Lotura interesgarriak

Euskal Idazleen Elkartea
www.idazleak.org

Hamaika euskal idazleen testuak ingelesez Diversity webgunean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 5ean

Fito Rodríguez, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari berri
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko apirilaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia