euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Frantziako euskal etxeak giro ederrean bildu ziren Bordelen, bertako Eskualdunen Biltzarrak gonbidatuta

2012/04/04

Frantziako euskal etxeek 2012ko martxoaren 24an Bordelen egin zuten bilkura (argazkia BordeleEE)
Frantziako euskal etxeek 2012ko martxoaren 24an Bordelen egin zuten bilkura (argazkia BordeleEE)

PUBLIZITATEA

Bordeleko Euskal Etxeak deituta bilera egin zuten iragan martxoaren 24ean hiriburu ekitaniarrean Frantziako euskal elkarteek. Partehartzaileak Pariseko Eskual Etxea, Paueko Lagunt eta Maita, Montpellier-ko Eskualdunak elkartea eta Tolosako Denak Bat dantza taldea izan ziren. Bilkuran, elkar ezagutzeaz gain, aukera izan zuten ideiak eta lan moldeak partekatzeko eta elkarren esperientzietatik ikasteko. Biharamunean Eskualdunen Biltzarraren Odolkiaren Bazkarira bildu ziren ordezkariak, Bordeleko beste zenbait elkarte euskaltzalerekin batera.

Bordele, Frantzia. Iragan martxoaren 24ean Frantziako bost euskal etxek bilkura egin zuten, Bordeleko euskal etxeak deituta. Gonbidapenari erantzun zioten elkarteak Pariseko Eskual Etxea, Paueko Lagunt eta Maita, Montpellierko Eskualdunak elkartea eta Tolosako Denak Bat dantza taldea izan ziren. Bilkura elkar ezagutzeko bazkari batekin hasi zen, Bordeleko euskal etxeko presidenteak, David Mugicak, EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

Arratsaldean lantegiak egin zituzten eta elkarte bakoitzak bere aurkezpena egiteko aukera izan zuen. Parte hartzaileek zenbait galdera ihardetsi eta erantzuten saiatu ziren, hala nola, zertarako euskal elkarte bat? zer nahi dute bazkideek? eta horrelakoak. Elkarteek egunerokotasunean garrantzia duten puntu praktikoak ere jorratu zituzten: aldizkariak, diruzaintza, etab. 

Euskal etxeen egoera

Bileran Frantziako euskal etxeen panorama osatu zuten partehartzaileek. Ondorioetako bat zera izan zen, Pariseko, Paueko eta Bordeleko elkarteek antza gehiago daukatela elkarrekin, eta Montpellier eta Tolosakoak, txikiagoak izanik, aurrekoen zenbait esperientzia eta egitasmo balia ditzaketela.

Etxerik etxe joanez, Pariseko Eskual Etxeak duen ezaugarri berezia ikasleentzako 30 logela alokatzen dituela da, azaltzen du Mugicak. Egitura aldetik ere badu desberdintasunik, izan ere, Eskual Etxean biltzen diren elkarteek (dantzariek, koralek, Gau Eskolak...) funtzionamendu autonomoa daukate. Paueko etxeari dagokionez, ia 1.500 bazkide ditu, eta aktibitate ainitz. Bordeleko Euskal Etxeak 710 bazkide eta egoitza propioa ditu, eta hamahiru aktibitate sustatzen ditu. 

Elkarte txikiagoei dagokienez, Montpellierko Eskualdunak-ek 150 bazkide ditu eta aurrekoek baino jarduera gutxiago. Tolosako Denak Bat elkartean bazkide gutxi dira egun, nahiz eta duela hogei urte-edo 100 dantzarietara ere iritsi ziren. "Haiek aitortu dutenez, poz-pozik izan dira gure egoerak ikusiz, eta erran duten bezala, segitzekoak dituzten norabideei ohartu dira", agertu du Mugicak. 

Odolkiaren Eguna

Bilkuraren ostean zintzur-bustitzea eta afaria egin zuten euskal etxeetako ordezkariek. "Gure euskal etxearen parean dagoen jatetxe batean jarririk kantuz ari izan ginen, txalo batzuk bilduz ere! Ikusiko ea urteroko hitzordua bihurtuko den; denak poz-pozik izan ziren egun horrekin", azaldu du bordeles elkarteko presidenteak.

Frantziako EE bilera - Odolkiaren Bazkaria 2012 (2)

[Odolkiaren Bazkarian ia ehun lagun bildu ziren Bordeleko Euskal Etxean (argazkia BordeleEE)]

Frantziako EE bilera - Odolkiaren Bazkaria 2012 (4)

[Kantuan eta giro bikainarekin gozatu zuten bazkarian partehartzaileek (argazkia BordeleEE)]

Biharamunean Eskualdunen Biltzarraren Odolkiaren Bazkaria delakoan parte hartu zuten ordezkariek, elkarteko bazkideekin eta Bordeleko beste euskal elkarteekin batera, azken hauen artean Pessac-eko Bildu dantza-taldea, Bordeleko Etxekoak gizon-korala, eta Ambareseko Ongi Etorri elkartea ("hiruak Etxeko bazkide ditugu"), eta Bordeleko Eguzki Lore emakume-korala. "Bagenuen ere Korsikarren Corsica elkartea eta beste elkarte bat, ikerketa arkeologikoetan ari dena)", adierazi du Mugikak. "Orotara, ia 90 bazkaltiar eta izigarri giro ona, jakina!"

Asteburuari bukaera emateko, igandean Bordeleko euskal etxeak Paueko ordezkariekin batera egin zuen Euskal Irratiekiko emanaldia. Hilabetean bi aldiz egiten du Bordelek emanaldi hau Iparraldeko irrati euskaldunekin.

-Bordeleko Eskual Etxea: www.eskualetxea.org



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia