euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Francorengandik ihesi Mexikoraino belaontzian heldu ziren bederatzi euskaldunen abentura, Bilboko Itsas Museoan

2014/11/12

Juan Jose San Mames, Felix San Mamesen iloba, inaugurazio ekitaldiko hizlarietako bat izan zen. Iheslarien ondorengoek emozio handiz jarraitu zuten ekitaldia (argazkia San Mames familia)
Juan Jose San Mames, Felix San Mamesen iloba, inaugurazio ekitaldiko hizlarietako bat izan zen. Iheslarien ondorengoek emozio handiz jarraitu zuten ekitaldia (argazkia San Mames familia)

PUBLIZITATEA

Benetako balentria izan zen, pelikuletan agertzen diren abentura horietako bat: Atlantikoa zeharkatzea, Francoren diktaduratik ihesi. 1950eko uztailaren 16ean Bilboko bederatzi mutil gazte Karmengo Ama Birjiñaren itsas prozesioan atera ziren Santurtziko portutik, beste ehundaka lagunekin batera. Baina eurak ez ziren portura itzuli: Mexikoruntz abiatu ziren, atzera bueltarik ez zuen bidaian. Ustez hilabetekoa izan behar zuena, azkenean hiru hilabeteko abentura bilakatu zen, baina lortu zuten helburua. Orain, Bilboko Itsas Museoan ikusgai dago odisea honi buruzko erakusketa, protagonisten seme-alabek bildutako testigantza, dokumentu eta argazkiei esker.

Bilbao, Bizkaia. Bilboko Itsas Museoan iragan azaroaren 6an inauguratu zen Montserrat belaontziaren abenturari buruzko erakusketa. Handik gertu hasi zuten odisea hau istorio honen protagonista izan ziren bederatzi euskaldunek, Santurtziko portuan; eta oso urrun bukatu zen bidaia, Mexikoko kostaldean, hiru hilabeteko bidaian gorriak ikusi eta gero. Itsasgizon horien seme-alabak eta ondorengoak hunkituta agertu ziren inaugurazio ekitaldian, euren ahaideen oroimena etxera itzuli zela eta.

Abentura honetako bederatzi protagonistak hauek izan ziren: José Luis eta Manuel Algorri anaiak, José Martín Barinagarrementería (J.L. Algorriren koinatua), Ismael Martín del Río, Agustín Palacios Lopategui, José Ramón eta José Luis Bilbatua Madariaga anaiak, Gregorio Solano eta Félix San Mamés Loizaga. Gerra osteko askatasun ezak, goseak eta miseriak bultzatuta, Algorri anaiek Mexikora ihes egiteko burutazio zoroa izan zuten eta, apurka-apurka, ALSA ontziolako lankideen artean beste kideak bildu zituzten.

Ontziolan bertan eraiki zuten, isilpean baina begibistan abenturan erabili zuten 13 metrotako balandroa. Montserrat izena jarri zioten, katalan batek eginiko enkargua zela esanez. 1950eko Karmengo egunean Santurtziko portutik atera ziren, prozesioan, beste makina bat ontzirekin batera. Baina beraiek ez ziren portura itzuli eta Mexikoruntz jo zuten. Hiru hilabeteko bidaia gogorra izan zen, Francoren itsas armadarengandik ihesi, goseari eta itsasoari aurre eginez.

Halarik ere, hainbeste sufritu ostean, Mexikoraino denak bizirik heltzea lortu zuten. Inaugurazio ekitaldian Itxaropena Palaciosek; Agustinen alabak, azaldu zuenez, "errespetua" izan zen itsasgizonen elkarbizitzaren gakoa. Juan José San Mamesek, Félix-en ilobak ere, errespetua aipatu zuen, eta partehartzaileen baloreak azpimarratu zituen: leialtasuna, emandako hitzari errespetua, lanerako gogoa eta zintzotasuna. Horiei esker burutu ahal izan zuten bidaia, nahiz eta nabegazioari buruz oinarrizko ezagutzak baino ez izan.

Erakusketa Bilboko Itsas Museoak egina da eta abenduaren 31era arte egongo da ikusgai. Félix San Mamés Loízagak idatzi zuen memoria liburua, “La travesía del Montserrat”, izan da erakusketaren oinarria, eta bidaiarien senitartekoek utzitako argazkiak eta dokumentuak ere dira ikusgai.

Informazio gehiago, Bilboko Itsas Museoaren webgunean.

Erakusketari buruzko datu gehiago, Baskonia Cultura atarian.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia